Baiona eta Gernika, Europako Challengean, gaur

Lapurtarrek Newporten zelaian jokatuko dute, 21:10ean, eta USAPen etxean ariko dira bizkaitarrak (19:00)

Erredakzioa
Baiona
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Mutur banatan daude Baiona eta Gernika. Europako Challengeari ekin, eta argi samar geratu da gaur-gaurkoz bakoitzaren maila zein den. Orain astebete, indartsu ekin zioten lehiari lapurtarrek, Moglianori 71-7 irabazita. Bizkaitarrek, berriz, errealitate kolpe latza jaso zuten etxean, Worcester Warriorsen aurka 5-85 galduta. Newporten zelaian ariko da gaur Baiona, 21:10ean, eta USAPen etxean Gernika, 19:00etan.

Aurrera egiteko arazo handirik ez luke eduki beharko Baionak, baina hasiera ona biribiltzen asmatu beharra dauka. Zeltiar ligan jokatzen du Newportek, Eskozia, Gales eta Irlandako taldeekin batera, eta azken-aurreko postuan dago, bi garaipen eta lau porrotekin. Joan den astean 38-25 galdu zuten London Waspsen zelaian. Mike Phillips hasieratik ariko da gaur, zigorra bete ostean.

Gernikak, berriz, nahikoa lan izango du gaur ere aurkariari aurre egiten. Bizkaitarrek astindu handia jaso zuten joan den astean, eta orduko itxura eskasa ontzen saiatuko dira gaur. Ez daukate helburu erraza, eurak baino dezente indartsuagoa delako USAP taldea. Frantziarrek 12-79 irabazi zioten lehen jardunaldian Rovigori, erasoan erakustaldia eman eta hamar entsegu sartuta. Top 14an, laugarren jardunaldian jokatu zuten Baionaren aurka, eta 18-13 nagusitu ziren —9. postuan daude ligan, 16 punturekin—. Bizkaitarrek badakite ezinezkoa izango dela partida irabaztea, baina lehen partidako hutsak zuzenduta, duin jokatuta aurkaria estutzea da gutxieneko helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.