Baiona irabaztera behartuta dago Top14an jarraitzeko

Brive aurkari zuzena hartuko du gaur, eta garaipena lortu ezean zail izango du jaitsiera postuetatik irtetea

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Baiona Bigarren Mailara jaitsiko al da? Sasoi hastapenean, galdera horrek inozoa irudi zezakeen, lapurtarrek ekarritako jokalari zerrenda ikusita: Mike Philipps, Cedric Heymans, Joe Rokocoko, Mark Chisholm, Sione Lauaki... Baina errugbia ez da bakarrik paperean idazten den jokalari zerrenda bat. Eta Baionan gauzak normal joanen zirela pentsatzea anitz pentsatzea da...

Urtero bezala, Baionak bere krisi eta komeriak bizi izan ditu. Entrenatzaileekin izandako kalapita, Jean-Pierre Elizalderen bi asteko etorrera, jokalariekin izandako liskarrak... Bi hitzetan: nahaste-borrastea. Oilar anitz dago Baionan; gehiegi oilategi bakarrerako. Giro horrek guztiak eragina izan du zelaian.

Top14a bukatzeko sei partida falta direlarik, azken-aurreko postuan dago Baiona. Mailari eusteko, ezin du gehiago hutsik egin. Arratsalde honetan (20:45, Canal + Sport), Brive aurkari zuzenaren aurka irabazi beste aukerarik ez du izanen.

Hurrengo hiru partidetan, hiru aurkari zuzenen aurka ariko da Baiona: Brive, Perpinya eta Miarritze. Hirurei irabaztea behar-beharrezkoa da, gaurtik hasita. «Sasoi honetako partidarik garrantzitsuena da», nabarmendu du Lionel Mazars erdikoak aste honetan. Argi dago presio handia izanen dela eta ez dutela huts egiteko aukerarik izanen.

«Ez nago seguru Brivek ez ote duen guk baino presio gehiago izanen». Didier Faugeron Baionaren entrenatzailea bere jokalariak babestu nahian ari da, baina begi bistan dago huts egiterik ez duela Baionak eta horrek jokalariei eraginen diela. Brive aldetik, aste osoan ateak itxita entrenatu ondoren etorri dira Euskal Herrira. Turismoa beste baterako utziko dute, eta oso partida estua izanen da gaurkoa. Tentsio anitz, eta ikuskizun gutxi. Baina, orain, garrantzitsua irabaztea da. Kosta ahala kosta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.