Baionak berdindu egin du, etxean, azken minutuan entsegua lortuta

Clermont baino gehiago izan da bigarren zatian (22-22), eta lau punturen tartea ireki du jaisteko postuekiko

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Baiona bere zaleen bihotzen gogortasuna neurtzen ari da sasoi honetan. Sailkapeneko zulotik irten ezinda, sufritzen ari dira Jean Daugerreko ikusleak, baina atzo behintzat merezi izan zuen sufrikarioak, etxekoek azken minutuan Gerberrek lorturiko entseguari eta Boyeten entsegu emendioari esker Clermont bigarren sailkatuaren aurka berdintzea lortu baitzuten (22-22). Garaipenari esker lau punturen aldea ireki du jaitsiera postuekiko. Hori gutxi balitz bezala, beste emaitzek mesede egin zioten, Lyonek eta Brivek ez baitzuten punturik lortu.

Baionaren partidako ikusleak ez ziren aspertu. Taldea Staderi irabaztetik zetorren, eta atzo adorea baduela erakutsi zuen Clermonten aurka. Atsedenaldira 9-16 galtzen iritsi ondoren, bigarren zatian gora egin zuen. Bi zigor kolperi esker puntu bakarrera jarri zen (15-16, 55. min). Aurkaria gertu ikusita, Clermontek ekimena hartu zuen. Zigor kolpe batekin tartea ireki zuen lehenbizi (15-19, 57.min), eta gero entsegu bat lortu (72. min). Epaileak, baina, bideoa ikusi ondoren ez zuen ontzat eman. Hala ere, estutzen jarraitu zuen, eta hiru minutu geroago lorturiko dropari esker zazpi punturen tartea lortu zuen Clermontek (15-22).

Porrota gertu zegoen, baina Baionak ez zuen amore eman. Eskura jokatzen hasi eta Gerberrek entsegua lortu zuen jokaldi luze batean. Gero Boyet izan zen ostikada hagen artean sartu zuena (22-22, 79. min). Clermontek oldarkor bukatu zuen partida, baina ez zuen emaitza aldatzerik izan.

Kopako finalerdia, Ordizian

Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak Kopako finalerdietako partida jokatuko dute gaur, Ordiziako Altamira zelaian (12:30). Aurrera eginez gero, bigarren finala litzateke Gernikarentzat; Ordiziarentzat, berriz, lehena. Joaneko partidan Gernikak 14-12 irabazi zuen, baina Ordiziak azken minutuetan lortu zituen bere bi entseguak. Partida hura zelai lokaztuak baldintzatu zuen. Gaurkoa, berriz, belar artifizial txukunean jokatuko da. Finaleko aurkaria La Vila edo El Salvador izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.