Baionak berriro arrakastaren bidea topatu behar du

Etxean dagoeneko bitan galdu dute baionarrek, eta ezin dute huts egin gaur, Montpellier lehen sailkatuaren aurka

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Denboraldi hasierako laudorioak urrun dira Baionan. Taldea puntu behar gorrian dago, eta arratsalde honetan Montpellieren aurka jokatu beharreko partidak hil edo biziko garrantzia izanen du. Joan zen astean Racing liderraren etxera joan ondoren, berriz ere Jean Daugeren ariko da Christian Gajanek zuzendutako taldea. Perpinyaren eta Miarritzeren aurka ozta-ozta galdutako bi partidek presiopean utzi dute Baiona. Europako Challengean burua altxatzen hasi da, eta joan zen astean Parisen serio jokatu zuen, luzaz berdinketa esku artean izanik.

Top 14ak, baina, atsedenerako tarte gutxi uzten du, eta gaur Montpellier ligako liderra jinen da Lapurdiko hiriburura. Fabien Galthierrek zuzendutako taldea sasoi hasierako ezustekoa da. Jokalari gazte onak ditu, eta eskarmentuzko atzerritar batzuk ere bai. Top 14a ongi hasteak konfiantza eman dio, eta bere gorenean etorriko da Baionara, lehen aldiz sailkapen buruan izanen baita.

Presioa Baionan

Aurkaria edozein izanik ere, irabaztea beste irtenbiderik ez du Baionak. Aste honetan, presioa igarri da xuri-urdinen artean. Jokalariek ez dute hedabideekin hitz egin nahi izan, haien burua erabat gaurko partidara itzuliz. Gajanek hartu du hitza, labur, baionarren espiritua laburtzeko. «Montpellier oso talde ona da, eta bikain ari da orain arte. Jokoan oso iaioak dira, eta bi entrenatzaile on dituzte. Gure lehentasuna, halere, puntuak batzea da. Horretarako, jokatu beharko dugu. Baina jokatzea ez da baloiak edonola botatzea. Lehenik, borroka zaindu beharko dugu, eta gero, ausardiaz aritu».

Partidaren garrantzia ikusiz, Gajanek jokalari garrantzitsuen alde egin du. Gibelean Elhorga hor izanen da, Huget eta Gerberrekin batera. Gartzia Boyetekin ariko da. Aitzinean ere, Iginiz eta Hegi euskaldunen atzean Flavell All Blacks-a ariko da. Aitzinekoen liderrak dira Martin eta Puricelli, eta haiek ere hasieratik ariko dira, duten eskarmentua aprobetxatzeko prest. Hori eta gehiago beharko du Baionak helburua betetzeko, eta berriz ere garaipenaren bidera itzultzeko.



BAIONA-MONTPELLIER

Txapelketa. FrantziakoTop 14 ligako 11. jardunaldia.

Baiona. Iginiz, Hegi, Baiocco; Linde, Flavell; Puricelli, Martin, Haare; Gartzia, Boyet; Gerber, Mazars, Lacroix, Huget; eta Elhorga (kapitaina).

Montpellier. Thiart, Rofes, De Marco; Hancke, Fakate; Ouedraogo (kapitaina), Gorgodze, Matadigo; Tomas, Trinh-Duc; Nagusa, Bustos-Moyano, Doumayrou, Pelo; eta Alcalde.

Sailkapena. Baiona hamargarren da (24 puntu), eta Montpellier lehena (32 puntu).

Epailea. Laurent Sclafer.

Lekua. Jean Dauger (17.000 ikusle).

Orena. 14:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.