Baiona bizirik dago oraindik 2011-2012ko Top 14ean. Atzo ezinbestekoa zuen irabaztea, eta ederki kostata izan arren, lortu zuen Brive menderatzea (19-12). Bigarren mailara ez jaisteko bi talde parez pare izanik, ez zen ikuskizun handiko partida izan.
Brive eta Baiona sailkapeneko azken postuetan daude, eta atzo biziki argi gelditu zen zergatik. Partida negargarria izan zen. Afizionatuen mailako erritmoa izan zuen lehiak, eta bi taldeek zigor kolpe kopuru sinesgaitza jaso zuten. 26 falta orotara... Petrala.
Anitz zegoen jokoan, eta hori argi gelditu zen. Lehen zatia historiara pasako da, aspaldiko txarrena izan baitzen. Kadeteen arteko partidetan ere joko gehiago izaten da... Bi hamabosteko urduri, borrokan trakets, paseetan irrigarri, eta bururik gabeko oilasko bat bezala. Tragedia komedia bihurtuta. Lehen zatiko desastrea 6-6eko emaitzarekin bururatu zen.
Mazarsen entsegua
Bigarren zatian, Baiona pixka bat, asko ez, hobeki aritu zen. Ideiak argiago zituen, eta 50. minutuan Caminatik ikusitako txartel gorriak anitz lagundu zion. 12-6 ezarri zen aitzinetik, eta karta guztiak esku artean zituen partida kudeatzeko.
Baina ez zen horrela gertatu. Brivek uztartze irekietako lehia irabazi zion, erasoan arrisku baino pena gehiago sortu bazuen ere. Nola edo hala, 9-12ra hurbildu zen kanpoko taldea.
Partida bukaera hurbiltzen ari zen, eta Baiona ez zegoen eroso. Orduan, Mazarsek entsegua sartu zuen. Jokaldia ez zen beste mundukoa izan, baina tira: 19-9- Brivek defentsako puntua galdu zuen, baina Roumieuk (beste) falta inozo bat egin zuen. Beliek oparia baliatu zuen 19-12koa ezarri eta puntu bat saskiratzeko.
Baionak ederki sufrituta irabazi dio Briveri
Oso partida txarra izan da baina azken unean sartutako entsegu bati esker nagusitu dira lapurtarrak (19-12)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu