Ez zen sorpresarik izan, atzo iluntzean, Baiona eta Italiako Mogliano talde apalaren artean. Baionarrek haien nagusitasuna hasi eta buka inposatu zuten, eta partida-entrenamendua izan zuten oso maila apala erakutsi zuen Moglianoren aurka (71-7). Garaipen honi esker, baionarrek garaipena eta erasoko puntu gehigarria saskiratu zituzten. Horrenbestez, bost puntuko garaipenarekin ezin hobe hasi zuten baionarrek Europako Challengea.
Partidak ez zuen kolorerik izan, eta lehen minututik Baiona aitzinean ezarri zen. Vitolio Manukulak aitzinekoen lana saritu zuen 2. minutuan, eta Marvin O' Connorrek berehala bigarrenentsegua sartu zuen (3. min). Lehen hogei minutuak jokatzerako, Baionak lau entsegu sartu zituen, eta erasoko puntua saskian zuen. Lehen zatia, sei entsegu eta berrogei puntu sartuta bururatu zuen baionarrek: 40-0.
Bigarren zatian, Christian Lantak gazteak sartu zituen. Ugaldek Boyeten lekua hartu zuen irekitzaile postuan. Mike Philipsek lehen minutuak izan zituen, orain egun batzuk jasotako zigorra altxa eta gero. Aitzinean, Legras eta Desmaison harroin gazteek ere haien minutuak izan zituzten.
Minutuak aitzina joan ahala, Baionak markagailuko aldea handitu zuen, beste hiru entsegu sartuz, Carillo, Lacroix, Rokocoko eta O'Connorri esker.
Moglianok, hala ere, ohorea salbatu zuen Barbiniren entseguari esker. Azkenean, entrenamendu ona egin zuen Baionak. Hurrengo partida Newporten jokatuko du Baionak, bertako Gwent Dragons taldearen aurka.
Gaur, Gernika-Worcester
Baiona ez da Challenge Kopan ari den euskal talde bakarra, eta Bizkaia Gernikak egun historikoa biziko du gaur. Basurdeek Worcester Warriors Ingalaterrako ligako taldea hartuko du Urbietan (16:00), basurdeek inoiz jokaturiko Europako Txapelketa bateko lehen partidan. Gernika Challengeko bigarren multzoan dago Perpinya (Katalunia) eta Rovigorekin (Italia). Gernikak ligako lehen bost partidak irabazi ditu baina Europan ez du aurrera egiteko inolako aukerarik. Beste taldeekiko aldea ikaragarria da, eta lan duina egitea da helburua.
Gernika hirugarren izan zen iaz Espainiako Ligan, eta Quesosek eta Ordiziak Challengean txartelari uko egin ondoren Europako abenturan murgiltzea erabaki zuen. Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartea bazkari herrikoa partidaren aurretik. Ingalaterra aldetik 150 ikusle espero dira eta harmailek itxura bikaina izango dute.
Litekeena da Worcesterrek ohiko jokalariak ez zelairatzea, are gehiago liga hasiera kaskarra kontuan hartuta —9. dira sailkapenean lehen sei partidetatik bakarra irabazi ondoren— baina maila bikaineko errugbia ikusteko parada izango da Gernikaren zaleentzat. Jorge Gimenez zintzo mintzatu da gaiari buruz. «Garrantzitsuena jokalariek zelaian erakutsi dezaketen duintasuna da. Aldea handia da, baina horrek ez nau ilusionatzen ezta desilusionatzen ere. Puntu bategatik edo ehunengatik galtzearen sentimendua berdina da niretzat, kontua nola galtzen den da». Entrenatzaileari ebakuntza egin berri diote aldakan eta gaur ez da ez da zelaian egongo, ezta ere Nicola Forestier jokalaria, «arrazoi pertsonal larrien» erruz.
Baionak entrenamendu ona egin du (71-7)
Lapurtarrek aise irabazi diote Moglianori eta agerian gelditu da bi taldeen artean dagoen alde handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu