Baionak eta Miarritzek soka lepoan dutela jokatuko dute gaur

Baionarrak etxean ariko dira Castresen aurka, eta miarriztarrak Parisen ariko dira, Staderen aurka

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Eguberriko etenik ez du izanen Top 14ak, eta lehiaketan ari diren bi euskal taldeek burutik kendu beharko dituzte Eguberriko gozoak. Baiona eta Miarritze aldean gauzak ez daude xanpaina eta jaki gozoak ateratzeko, eta partida zail bezain garrantzitsuak izanen dituzte biek. Baionak etxean jokatuko du, Castresen aurka (19:30), eta Miarritze Parisen ariko da, Stade Françaiseren aurka (19:30).

Lepoan soka dutela ariko dira bai Baiona eta bai Miarritze. Bi taldeak azken postuetan daude. Baionarrak 11. postuan daude, 20 punturekin. Miarriztarrak, berriz, azken postuan daude, 15 punturekin. Top 14ko lehen itzuliko azken jardunaldia izanen da gaurkoa, eta, oraingoz, jaitsiera postuekin jolastera kondenatuta daude bi euskal taldeak. Denbora aitzinatu ahala, pot egiteko aukerarik ez dute gehiago, eta soka lepoan dutela ariko dira.

Baionan, Jean-Pierre Elizalde kirol zuzendari berria neurriak hartzen hasi da. Aturri bazterrera iristean argi utzi zuen klubaren diagnosi sakona eginen zuela eta gauzak zuzentzen hasiko zela. Diagnosi horren lerro nagusiak plazaratu ditu. Eta ez ditu ele samurrak izan. «Koherentzia falta batzuk ikusi ditut. Jokalarien jarrera ez da ona. Dagoeneko jokalari baten aurka zigorrak hartu behar izan ditut. Klubean utzikeria ere ikusi dut. Nola liteke taldeak jokalari bati oporretara joaten uztea, hiru partida huts eginen dituela jakinik?». Dwayne Haarez ari da, Zeelanda Berrira joan baita, arrebaren ezkontzara.

Elizalde ez dago gustura egindako fitxaketekin, talde desorekatua duela iritzita. «Eskuineko lau harroin ditut, kasik gehiegi. Eta ondoan, postu batzuetan eskarmentuko jokalari baten gibelean ez dut inolako segurtamenik». 10 eta aztalkari postuez ari da. Mezua garbia da: lanerako etorri da, eta jokalariak izerdiarazi nahi ditu. Castresen aurka ikusiko da terapiak zein emaitza ekarriko duen.

Hutsuneak xuri-gorrien artean

Miarritzen gauzak ez daude askoz hobeki. Azkena da, eta krisia nabaria da. Hala ere, oraingoz Serge Blanco presidenteak entrenatzaileengan konfiantza mantentzea hautatu du. Aguilera aldean buruko minak lesioak direla-eta etorri dira. Munduko Kopatik itzuli zenetik, Dimitri Yachvilik ezin izan du taxuzko partidarik egin, eta gaur ere ez da ariko. Yachviliren hutsuneari Imanol Hariñordokirena erantsi behar zaio. Garaztarrak bizkarrean min du, eta haren eskasia Lakafiak beteko du. Traillek hartuko du kapitain ardura. Harroin postuan ere estu eta larri dabil Miarritze, orain arteko hutsuneei Watremezena erantsi baitzaio. Ondorioz, azken asteetan gehiegitan gertatu den bezala, jokatzeko moduan daudenekin egin beharko du Miarritzek. Uztartze erdia Luix Roussarie izanen da, aldi honetan. Lesgourguesek konortea galdu zuen Trevisoren aurka, eta atseden eman diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.