Baionak hasi aurretik galdu zuen atzoko Challenge Kopako lehen multzoko partida. Lapurtarrek bizkarra eman diote txapelketari, Top 14an buru-belarri aritzeko, eta ordezkoek ezer gutxi egin ahal izan zuten Viadanaren aurka (10-21). Atsedenaldira berdinduta iritsi baziren ere (7-7), italiarrek nabarmen egin zuten gora bigarren zatian, hein handi batean Baionak utzi ziolako.
Baionak ez zuen Challenge Kopan aurrera egiteko gogo handirik, eta atzoko bizkarrekoak itxaropen guztiak zapuztu zizkion. Kanpokoak jaun eta jabe izan ziren, eta merezitako partida irabazi zuten, hiru entsegu lortuz. Etxekoek ez zuten defentsa puntua ere lortu. Badirudi Baionari luze egingo zaiola lehen faseko sei partidak jokatu behar izatea.
Ordezkoekin jokatuta ere, Baiona zen faborito, Viadana talde xumea baita lapurtarrekin alderatuta. Top 14ko aurpegi ona, baina, atzo ez zen inondik agertu. Multzoko aurrenekoak baino ez du aurrera egiten Challenge Kopan, eta bigarren urtez jarraian baionarrak zarata handirik egin gabe ibiliko dira Europan. Multzoko beste partida bihar jokatuko dute Mont de Marsanek eta Saracensek, Watforden. Baionak, berriz, heldu den ostiralean jokatuko du hurrengo partida, Mont de Marsanen.
Baionak ezin okerrago ekin dio Challenge Kopari
Lapurtarrek itxura oso kaskarra emanda galdu dute etxean Viadanaren aurka (10-21), multzoko lehen partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu