Baiona ia-ia Europako Challengetik kanpo da gaur azken jardunaldian etxean Rovigo Italiako talde apalaren aurka jokatu aurretik (16:00). Betikoa? Ez bortxaz, ligaxkan ibilbide ona egin baitu. Bost partidatik lau irabazi ditu, eta bakarra galdu, Londres Waspsen zelaian.
Lehia estua da ingelesen eta baionarren artean. Bi taldeek elkarri irabazi diote etxean, eta gero ez dute hutsik egin. Alta, Londresko taldeak Baionakoak baino bi puntu gehiago ditu. Bordelen lortutako erasoko puntu gehigarri bat eta Baionan lortutako defentsako puntu gehigarria. Horra Waspsen abantailaren arrazoia.
Azken txanpan erabakigarriak izan daitezke ingelesen aldeko bi puntu horiek. Baionak, final-laurdenetan sartzeko, lehen postua behar du. Horretarako, erasoko puntuarekin irabazi beharko dio Rovigori. Bizkitartean, Bordelek Waspsi irabaztea edo, bederen, berdinketa behartzea behar du. Konbinazio zaila, joanekoan Waspsek Bordeleri erasoko puntuarekin irabazi ziolako, Frantzian. Ingalaterrako taldeak dena du alde sailkatzeko.
Baina saiatzea ez da deus kosta. Eta Baiona saiatuko da kolpea ematen. Bide batez, aste mugitua izan ondotik, Jean Pierre Elizalde entrenatzailearen kaleratzearekin, burua berriz errugbian sartzeko balioko dio partidak. Eta ez da gutxi.
Baionak handia behar du final-laurdenetara pasatzeko
Rovigo apala hartuko du, baina Waspsen emaitza txar bat behar du Europako Challengean aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu