Baionak Mogliano apalaren aurka ekingo dio Challenge kopari

Baionarrek italiarrei irabazi behar diete gaur Jean Daugerren, final-laurdenak baitituzte helburu

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Giro lasaian ekingo dio gaur Baionak Europako Challenge kopari. Dirdira oro urreak sortuak ez badira ere, Europako kopa txikiak ez urre eta ez dirdira ez du ekarri Baionara. Kopa apala da Challengea, gaur Jean Daugerren ariko den Mogliano bezala (20:00). Baldintza horietan, ez da erraza partida erakargarri ezartzen.

Ez da jendetzarik espero, eta klubak txartelak bost eta hamar eurotan ezarri ditu salgai. Hala ere, zaila izanen da estadioa betetzea. Entrenatzaileek ere lehiaketa hau nola jokatu ez dute argi. Lagunarteko partida bat balitz bezala jokatu behar al da, eta guti jokatu dutenei aukera eman behar al zaie? Aitzina begira, talde onena eman behar al da, sasoia hartzen joateko? Erantzuna ez da bizki argia Baionakoentzat.

Mogliano apalaren kontra jokatzeko, zuhurtziaren alde eginen du Christian Lanta entrenatzaileak. «Challenge kopa ez da lehiaketa erraza. Final-laurdenak jokatzeko multzoko partida guztiak irabazi behar dira, edo bederen, puntu gehigarri anitz pilatu partida bat galduz geroz». Exijentzia horri jokalariei atseden eman beharra eransten zaio. «Jokalari batzuek anitz jokatu dute, eta atsedena behar dute. Beste batzuei, ordea, jokatzeko aukera eman behar zaie, baina taldearen oreka hautsi gabe».

Gazteak, aulkian

Gaurko partidarako tarteko konponbidearen alde egin du Lantak. Hasierako hamabostekoan, lehen taldeko jokalari garrantzitsuak izanen dira: Boyet, Boutaty, Tialata eta Bernad. Haiekin batera, gutxiago jokatu izan duten Heymans, Lacroix edo Arganesek aukera izanen dute, baita Rouet uztartze erdi gazteak ere.

Gainerako gazteak aulkian izanen dira gaur: Legras, Desmaison, Ugalde eta Carrillo. «Pentsatu genuen Moglianoren aurka Ugalde eta Fusterri aukera ematea, baina harrobiko partidan min hartu zuten joan zen igandean», azaldu du Lantak. Ugalde denboraz osatu da, eta aulkian izanen da. Fuster, aldiz, ez da osatu, eta beste aukera baten zain egon beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.