Baionak arratsalde hasiera honetan, orain arte etxean jokatuko duen partidarik garrantzitsuena izanen du. Bordeleren aurka ariko dira baionarrak, 14:15ean Baionako Jean Dauger estadioan. Jean-Pierre Elizalderen jokalariak oso postura txarrean dira sailkapenean, jaitsiera postuak bi puntura dituztelako, eta etxean irabazi beharra daukate.
Bordele mailari eusteko arerio zuzena da, bigarren mailatik igo berria baita. Frantziarren gibelekoen entrenatzailea, Vicent Etxeto, baionar peto-petoa da eta astean zehar sua piztu du Baionaren aurkako adierazpen batzuekin. Joaneko partidan ere giroa ez zen oso ona izan eta baionarrek arantza hori kendu nahiko dute.
Elizaldek aldaketa gutxi egitea hautatu Tolosaren aurka aise galdu zuen taldearekin alderatuta. Haren arrebaren ezkontzan Zeelanda Berrian egon ondoren, Dwayne Haare itzuli da eta hasieratik ariko da. Zalantza bakarra Sione Lauakirena da. Hirugarren lerroa sabeleko minarekin dago, eta ezin badu jokatu Bagetek ordezkatuko du.
Entrenatzaile berriak
Postura txarrean egon arren, Baiona hurrengo sasoia prestatzen ari da. Hurrengo ekainetik aitzina, Agen zuzentzen duten Christian Lanta eta Christophe Deylaud izanen dira Baionaren entrenatzaile berriak.
Baionak partida erabakigarria du Bordele-Begleren aurka etxean
Frantziarrak ez jaisteko arerio zuzenak dira, eta baionarrek etxean irabaztea beharrezkoa dute puntuak batzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu