Baiona 0-2 Naoned

Baionak partida ona jokatu du, baina ezin izan du ezustekorik eman

Lehen Mailako Naonedek Frantziako Kopatik kanporatu ditu lapurtarrak, Jean Dauger estadioan jokatu duten partidan.

Naonedeko eta Baionako jokalariak, partida hasi aurrean. EUSKAL IRRATIAK
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 4a
20:06
Entzun

Itxura duina emanda, baina ezustekorik gabe. Halaxe bukatu da Baionaren ibilbidea Frantziako Kopan. Lehen Mailako talde bat zuen aurkari final-hogeita-hamabirenetan, aurten denboraldi ona egiten ari den Naoned. Bretainiako taldeak 13. minutuan sartu du gol bat, eta horrek partida baldintzatu du. Baionak, hala ere, ez du etsi, eta talde joko ona eta grina aparta erakutsita, bigarren zatian Naoned estutzea lortu du, baina taldea aitzinera joana zenean, bretainiarrek azken orduan erabakita utzi dute partida bertze gol batekin. 0-2. Lapurtarren abentura bukatu da.

Baionak errugbiko Jean Dauger estadioan erabaki du partida jokatzea, Didier Deschamps estadioak baino ikusle gehiago har ditzakeelako. Giro aparta izan da harmailetan, 10.000 ikusle inguru elkartu baitira. Eguraldi bustiaren ondorioz, ordea, zelaia ez zegoen baldintzarik onenean. Kalifa Coulibaly maliarrak lehenbiziko ordu laurdenean sartu duen golak baldintzatu ditu Baionakoen esperantzak. Lapurtarrek ez dute etsi, eta lehenbiziko zatian aukera argirik izan ez badute ere, hainbat jokalditan zaleak piztea lortu dute —bertzeak bertze, 25. minutuan penalti eske biziki haserretu direnean epailearekin—.

Bigarren zatian lapurtarrek gehiago estutu dituzte bretainiarrak, gehienbat Erwan Lannuzel entrenatzaileak Hamilton Beltran aurrelaria zelairatu ondoren. Azken ordu laurdenean bi aukera on izan ditu Beltranek; bata, 82. minutuan, Minka Yadi Camararekin izan duen aukera bikoitz batean. Hala ere, azkarrenaren legea gailendu da bertze behin, eta Naonedek bigarren gola sartu du 94. minutuan, Mehdi Abeidek kontraeraso bikain bat bururatuta.

 

2007an bezala
Nazional 3 mailako taldea da Baiona; hau da, Frantziako bortzgarren mailakoa. 2004ko kopan egindako balentria errepikatzeko ametsa zuten gaur lapurtarrek, urte hartan Lehen Mailako bi talde kanporatu baitzituzten: Bretainiako Guingamp final-hogeita hamabirenetan, eta Bordeleko Girondins final-hamaseirenetan. Final-zortzirenetan kanporatu zituen Paris Saint-Germainek, Printzeen Parkean jokatu zuten partidan (2-0). Baionak ez du ordukoa errepikatzea lortu, baina 2007an bezala joan da, Lehen Mailako talde baten aurka itxura ona emanda —Lyongo Olympiquek kanporatu zuen orduan final-hogeita hamabirenetan, 1-2—

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.