Denboraldiko partidarik garrantzitsuena izanen da, dudarik gabe. Arratsalde honetan, Agen jasoko du etxean (14:15) Baionak. Lapurdiko taldea jaitsiera postuetan dago, eta bi partida bakarrik eskas dira Top 14eko fase erregularra bururatzeko.
Matematikako Fields medailaren jabe izateko beharrik ez da, kontuak egin eta Baiona ataka estuan dagoela ulertzeko. Mailari eutsi nahi badio, Ageni derrigor irabazi behar dio, eta bizkitartean Brivek edo Bordelek huts egitea behar du. Zorionez, bi talde horiek elkarren aurka jokatuko dute gaur. Partida hil ala bizikoa izanen da, eta Marc Baget usaiako kapitaina gabe jokatuko du Baionak. Bageten lekua Marmouyetek hartuko du. Gaineratekoan, sorpresarik ez da izanen hasierako hamabostekoan.
Ageni dagokionez, aste bitxia bizi izan du. Bere entrenatzaileak Baionara joanen dira hurrengo sasoian, eta horregatik klubak taldetik urrundu ditu. Erabakiak tentsioa sortu du. Hurrengo sasoian Baionan ariko diren Senekal eta Ahotaeiloa jokalariak, berriz, ez dira baztertuak izan, eta gaur zelaian izanen dira Baionaren aurka aritzeko.
Baionak Top14an jarraitzea du jokoan gaur, Agenen aurka
Lapurtarrek etxean ezinbestean irabazi behar dute, eta Bordelek edo Brivek bere partida gal dezatela itxaron
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu