Errugbian baloiak berezitasun bat du. Haren forma obalarengatik, inoiz ez da jakiten zein aldetara eginen duen punpa. Baionari, sasoi hasieran, antzeko zerbait gertatzen ari zaio. Inork ez daki, partida aurretik, nondik eginen duen punpa... Punpa batzuetan, iragan sasoiko antolaketa eta defentsa erakusten ditu Baionak; Tolosari irabazi zionean, adibidez. Beste batean, punpa desberdina egin eta defentsan aritzearekin konformatzen da, beste deus egin gabe; Toulon eta Bordeleren aurka, esaterako. Azkenik, hirugarren punpa batean erasora itsu-itsu joaten da, eta defentsan harresiaren ordez ate bat uzten du irekia.
Gaur Clermont Top14 liderraren zelaian jokatu beharko duen partidan ez dago argi zer motatako Baiona ikusiko den: defentsan ari dena, eraso bakarrik egiten, edo biak batera uztartzen dakiena. Hobe luke azken alde horretara jotzea punpa, Clermont ez baita kasualitatez ligako liderra, eta Baionak astindu bat jaso dezakeelako beste bi punpetatik bat aukeratuz gero.
Clermont, indartsu
Top14ko talde handiek bezala, Munduko Kopan jokalari mordoa dauka Clermontek. Baina hutsune horiek ederki estali ditu, harrobi jokalari gazte eta bikainekin. Haiekin batera, Top14an eskarmentua duten jokalari sendoak ariko dira gaur. Clermont, Vermeulen, Senio, Vosloo edo James bezalakoen eskarmentuaren eta Pic, Bardy, Jacquet edo Tullin harrobiko gazteen arteko nahasketa eraginkorra da. Lehen lau partidak irabazi ditu, eta galdu ez duen talde bakarra da. Tartean, Toulon edo Racing bezalako talde handiak menderatu ditu.
Gibelean dituen arazoak ikusirik, Baiona emaitzaren presio gabe joanen da Marcel Michelin estadiora. Bere hamabosteko indartsuena zelairatuko du Christian Gajanek, batik bat aitzinean. Berriz ere, Gerberrek 15 postuan jokatu beharko du Pietersen osatu artean, eta Marvin O'Connor gazteak Parisen egin zuen partida ona berresteko aukera izanen du bere hegalean. Otazo Ziburuko gaztea ere aulkian izanen da, eta Bordeleren aurka baino presio gutxiagorekin, Top14an eskarmentua hartzen jarraitzeko aukera izanen du.
CLERMONT-BAIONA
Clermont. Faure, Kayser, Ric; White, Jacquet; Vosloo, Vermeulen, Bardy; Senio, James: Nakaitaci, Swanepoel, King, Fofana; eta Buttin.
Baiona. Iginiz, Roumieu, Baiocco; Linde, Boutaty; Bernad, Haare, Puricelli; Audy, Boyet (kapitaina); Ziegler, Mazars, Lacroix, O'Connor; eta Gerber.
Epailea. Cedric Marchat.
Lekua. Marcel Michelin (20.000 ikusle).
Ordua. 20:00.
Baionak zail izango du Clermonten ustekabea ematea
Lapurtarren aurkariak irabazi egin ditu denboraldi honetan jokatu dituen norgehiagoka guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu