Perpinya 18. Baiona 13

Baionak zapore gutxiko defentsako puntua eskuratu du

Lapurtarrek lehen zatian galdu dute partida, falta anitz eginez, baina bigarren zatian burua altxa dute

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Perpinya. Taumalolo, Guirado, Castex; Vahaamahina, Tchale-Watchou; Strokoch, Leo, Naraway; Cazenave, Hook; Bayle, Marty, Mafy, Plante; Hume.

Baiona. Manukula, Roumieu, Tialata; Linde, Chisholm (kap.); Marmouyet, Haare, Bernad; Philips, Boyet; Fuster, Ahotaeiloa, Lovobalavu, Gerber; Spedding.

Markagailua. 3-0, 3-3, 6-3, 9-3, 9-6, 12-6, 15-6 (ats.) 15-13 eta 18-13.

Baiona damu zenbaitekin itzuli zen, atzo, Perpinyako Aime Giral estadiotik, bertako taldearen aurka galdu ondotik. Irabazteko moduko lekua izan zitekeen, baina, azkenean, galtzaile atera ziren Christian Lanta eta Christophe Deylauden jokalariak.

Errua, gaizki kudeatutako lehen zatiarena izan zen. Iragan sasoian etxetik kanpo ari zenean bezala, Baiona herabe jardun zuen lehen zatian. Bigarren zatian gerria estutu arren, lehen 40 minutuetan hartutako beranta betetzerik ez zuen izan, eta defentsako puntu gehigarriarekin konformatu behar izan zuen.

Perpinyak malkoak, izerdia eta odola zin egin zituen partida honetarako, baina aste osoan ahoa bero eduki arren, atzo hankak eta sorbaldak urduri izan zituen.

Katalanek taldea anitz aldatu dute uda honetan, eta haien jokoaren bila dabiltza. Nabaritu zitzaien irabazi beharraren presioa eta automatismo falta. Baina atakatik atera ahal izan zuten, Baionak ederki lagunduta. Gehiegitan bezala, apal hasi ziren euskaldunak. Jokoan ostikoak joz eta joz, eta defentsan faltak eginez. Perpinyari lasai jokatzen utzi zioten, eta James Hooken zangoak zuloa egin zuen: 15-6.

Aitzinean susperraldia

Christophe Deylauden madarikazio aurpegia ikusita, sekulakoak entzungo zituzten baionarrek aldageletan. Errietak eragina izan zuen, aurpegi erabat desberdina erakutsi baitzuten lapurtarrek bigarren zatian.

Aitzinean, haien indar fisikoa erabili zuten Perpinyako defentsa desafiatzeko. Ostikoen partez, lasterraldi laburrak erabili zituzten. Taktika aldaketak eragina izan zuen, katalanei min egin baitzieten Baionako aitzinekoek. Baiona Perpinyanen zelaian ari zen jokatzen, eta etxekoak urduritu egin ziren.

65. minutuan sekulako desafioa ezarri zuten baionarrek uztartzean. Hamar minutuz egurra eman ondotik, Jean-Pierre Matheu epaileak zigor entsegua eman zien baionarrei: 15-13. Baina Bernad bere bekatuetara itzuli zen eta txartel horia ikusi zuen. Azken minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Baionak, eta garaipenaren bila joan ezinik ibili zen azkenean: 18-13.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.