Nahiz eta jadanik lehen mailako bi talde menderatu dituzten, PSG arerio zailagoa dutela aitortzen dute Baionako Avironekoek. Laugarren mailako talde honek, Guingampen kontra irabazi zuen lehenik, Baionan. Ondotik, Bordeleko Girondins taldekoei nagusitu zitzaien, luzapeneko azken minutuan sartutako golari esker. Partidako gol bakarra. Baina ustekabeko garaipenak sekulako besta giroa ezarri zuen Baionako karriketan.
Gaur jokatuko den partida, beraz, ez zegoen iragarpenetan. Baina hauts franko harrotu du, bai Ipar Euskal Herrian eta baita Frantzian ere. Laugarren mailako talde bat lehen mailako bati nagusitzea eta final-zortzirenetara sailkatzea nahiko azpimarragarria izan zen. Eta gaurko partidarako tokiaz sortutako eztabaida ere solasaldietarako gaia izan da. Baionakoek, Baionan ezin bazen, Donostian jokatu nahi zuten partida hori. PSGkoak aukera horrekin ados zeuden eta futbol munduko bertze jende franko ere bai. Baina Frantziako Futbol Federazioak ez zuen eskaera hori onartu eta, ondorioz, Baionak Parisen jokatzea erabaki zuen.
Nahiz eta Baionak zuen aurkaria hartu behar, azken finean, aurkariaren eremuan jokatuko du partida. Baionako jokalariak eta jarraitzaileak kontsolatu dira, hala ere. Parisko Parc des Princesen jokatzeaz harro daude. 2.000 sarrera saldu dituzte Baionan bertan. Parisen, Eskual Etxearen eskutik, 1.300 sarrera ezarri dituzte salgai eta atzo ia guztiak salduak ziren.
Besta Parisen eta Baionan
Diasporarentzat eta Parisera joanen diren baionarrentzat, besta ziurtatua izanen da Parisen. Futbol zelaitik nahiko hurbil dago, Kanboko Xikito trinketa. Egunaren prestatzen ari dira, buru-belarri. Izanen da edateko tokia, ausarki. Bestak aste osoan jarraituko du, bertze kirol hitzordu batzuen aitzakia erabiliz.
Baina Parisera joan gabe geldituko direnek ere izanen dute elkartzeko parada. Baionako Herriko Etxeak pantaila erraldoia ezarriko du Lauga kiroldegian. 3.000 lagun sartuko dira bertan. Baionak partida irabazi edo galdu, giro ber-bera ziurtatua izanen da.
Frantziako Kopa
Baionako Avironek Parisko PSGren aurka jokatuko du gaur final-zotzirena
Baionako Avironek PSG Paris Saint Germain talde indartsuaren aurka jokatuko du gaur gauean (21:00etan) Frantziako Kopako final-zortzirena. Partida hori non jokatu eztabaidagai izan dute, eta azkenean Frantziako hiriburuko Parc de Princesen jokatuko dute norgehiagoka. 2.000 sarrera saldu dituzte Baionan bertan. Parisen, Eskual Etxearen eskutik, 1.300 sarrera ezarri dituzte salgai eta atzo ia guztiak salduak ziren. Besta ziurtatua dago Parisen eta Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu