Elhorga, Pietersen, Bernad, Boyet, Baget... Baionako hasierako hamabostekoan lekua egina duten jokalariak dira. Denak min hartuta Tolosaren partidaren ondorioz. Heymans, Huget, Tialata, Rokocoko, Philips... taldeko jokalari izarrak dira. Denak oraindik Munduko Kopa jokatzen edo haien federazioarekin kontratupean azaroa arte.
Aturri eta Errobi bitartean panorama nahiko beltz ezarri da, gau honetan Bordelen jokatu aurretik (20:45). Tolosari irabazita hasi du sasoia Baionak (18-13), baina garaipena larrutik ordaindu du, besteak beste Elhorga (sei hilabeterako) edo Marc Baget kapitaina galduz. Egoera ikusirik, Christian Gajan kirol zuzendariak aukera handirik ez du izan. Aitzinean, lesio batetik itzuli berria den Haare hasieratik ariko da, eta oraindik forma hartu gabe dagoen Lauaki ordezkoekin egonen da.
Aitzinean gauzak hain oker ez daude hala ere, gibelean dagoen egoerarekin konparatuta. Boyet taldeko irekitzaile eta ostikatzaileak sorbaldan mina dauka, eta bi astez jokatu ezinik egonen da. Erietxea beteta, eta zelaia hutsik. Gajanek ez du aukerarik izan, eta gazteak deitu ditu. Irekitzaile gisa Otazo 19 urteko ziburutar gaztea ariko da, hasieratik, eta bere posturako ordezko naturalik gabe—Gartzia edo Mazars prest daude arazorik egonez geroz—. Hegaletan, Lagain harrobitik hasierako hamabostekora heldu da, eta aurreko sasoian Top14an apenas jokatu zuen Ziegler gibelean ariko da.
Baionako gazteentzako aukera, halabeharrez
Lesioak eta hutsuneak tarteko, baionarrek jokalari gazte askorekin aritu beharko dira gaur Bordelen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu