Orion, atzo, ez zen ezusterako tarterik egon. Itsaso nahasia munduko beste bazterren batean azalduko zen, baina ez Gipuzkoako herri horretako kostaldean. Ekialdeko haize indartsua, bi metroko olatuak eta halakoak beste nonbaiterako zeuden iragarrita. Kazetari honek iragarpenarekin ez bezala, Kaikuko arraunlariek bete-betean asmatu zuten arraunean, eta nagusitasunez irabazi Euskadiko Traineru Txapelketa.
Iragarrita zegoen. Indartsuena da azken aste eta erdian. Banderak astintzeko bolada gozoa hartu du, eta hori egiteko gaitasuna edukitzea ez dago edozeinen esku. Kaiku ez da edozein. Sekulako taldea dauka, eta atzo, gainera, nahi zuen taldea ureratzeko aukera zuen, San Miguel ligako araudien mugetatik aske. Ligan indartsua bada, atera kontuakatzokoa bezalako egunetan. Halako taldeari irabaztea eskatu behar zaio estropada joan eta estropada etorri, eta atzo, dotore bete zuten lana.
Aldez aurretik espero zen bezala, bigarren txandatik atera zen garailea. Han ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetako lehen bi sailkatuak: Kaiku bera, Urdaibai, Hondarribia eta San Juan. Laurak elkarren alboan, baina ez baldintza berdintsuetan, Orioko eremuan gertatu ohi denez, kaleen artean aldeak egon zirelako. Erdikoak ziren gozoak atzo, bazterretakoak gaziak, eta gazitasun handiena laugarren kaleak zuen. Kaiku hirugarrenetik joan zen, Urdaibai bigarrenetik, San Juan lehenengotik, eta Hondarribia laugarrenetik.
Txandaren amaieran alde handi samarrak atera bazituen ere garaileak, estropada haustea kosta zitzaion. Lehen luzean, Urdaibaik eta Hondarribiak estu hartu zuten. Ziabogari ere etekin gutxi atera zion Kaikuk. Hala ere, estropada buruan segitzen zuen. San Juan zen atzeratuena lehen biran. Gero, lau traineruek eremuaren estribor aldera jo zuten; San Juan eta Urdaibai, esaterako, zero kalean bete-betean sartuta joan ziren bigarren luzean. Balizetara heltzeko gero eta gutxiago falta zenean, Kaikuk aldea handitu zuen. Estropada hausten hasi zen. Urdaibaik eman zuen buelta bigarren lekuan Hondarribiarekin batera, eta San Juanek gero.
Hirugarren luzearen lehen erdian, aldeek bere horretan segi- tzen zuten. Baina ikusten zen Kaiku dotore zihoala aurrerantz, traineruaren muturrari uretan segida emanez. Aldeak gora egin zuen berehala. Atzetik, bi izkinetakoak, gipuzkoarrak, larri antzean zihoazen, arraunei eman eta eman, baina nahi baino gu- txiago aurreratuz. Urdaibai zen aurretik bigarren lekurako lehian. Hurrenkera horretan eman zuten buelta lau traineruek. Ordurako garbi zegoen zeinek irabaziko zuen txapelketa, baina bigarren lekurako borroka ez zegoen hain argi: lau segundoan ziren beste hirurak. Estropadaren azken zatian, bigarrengoan hartutako noranzko bera hartu zuten ontziek. Denak estriborrerantz. San Juan eta Urdaibai elkarrengandik gertu, epaileak bizkaitarrak bere lekura bidaliz. Bere lekutik gertu, berriz, Hondarribia zihoan. Hara epailea berriz ere bandera zuria astin- tzen, Hondarribiari handik alde egiteko aginduz. Bost segundoan sartu ziren Urdaibai, Hondarribia eta San Juan. Ordurako, Kaikuko arraunlariak ospatzen ari ziren.
Lehen txandako lau traineruek baino denbora hobea egin zuten bigarreneko guztiek. San Pedro moldatu zen ondoen, estropada osoa osatuz. Portugaletek ere lan ederra egin zuen, ligan ez bezala, fitxaketa guztiak batera sartzeko aukera baliatuz. Konfiantzaren indarra hartu zuen bestea Santurtzi izan zen. Bera zen San Miguel ligako ontzia ez zen bakarra, eta liga horretako Zumaiari aise irabazi zion, 21 segundo aterata.
Getaria-Tolosa garaile
Emakumezkoen txapelketan, Getaria-Tolosak irabazi zuen. Udako lehen bandera du. San Juan izan zuen atzetik, eta Zumaia ondoren, Orioren aurretik. Bigarren luzean hautsi zuen lehia irabazleak, ziaboga eman eta aurreneko momentuetan. Hortik aurrera, gozatzeko aukera izan zuten irabazleek, aspaldiko partez.
Bakarlaria dauka orkestrak
Kaikuk irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa, Orion, nagusitasunez, eta egungo talde indartsuena dela berretsi duUrdaibai izan da bigarren eta Hondarribia hirugarren, lehia estua izan eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu