Clevelandek lortu du liga erregularreko markarik onena, eta kanporaketa guztiak etxean hasi eta bukatzeko eskubidea izango du. Lebron James izarraren inguruan osaturiko taldeak sasoi honetan jo du goia. Hegaleko indartsuak baldintzatzen du dena, eta Mike Brown entrenatzaileak sistema egokitu du. Teknikariak arlo taktikoan azkeneko urteetan izandako bilakaera taldearen adinakoa izan da. 2007ko finalean -4-0 galdu zuten San Antonioren aurka- berak egin zuen kale, eta ikasi du. Dena den, Lebron da zirimolaren begia, eta haren alboan Mo Williamsek, Zidrunas Ilgauskasek eta ordezko jokalariek ondo baliatzen dute desoreka. Gakoa, baina, teknikariak ezarri du, defentsa lana, taldeak 91 puntu baino ez dituelako jasotzen partidako. Clevelandek ez du inoiz irabazi eraztuna, eta sasoi honetakoa aukera historikoa izan daitekeela diote. Lehen pausoan Pistons izango dute aurkari, maldan behera doan txapeldun ohia.
Beste hautagaia nazioaren beste puntan dago, Los Angelesen. Lakers ohituta dago finalak jokatzera; 29 aldiz iritsi da, eta 14tan irabazi du. Iragan sasoian, baina, galdu egin zuen, eta arantza atera nahi du. Jaun eta jabe izan da mendebaldean, otsailaren erdi aldera izandako bolada txarraren erruz ligako markarik onenak ihes egin badio ere. Baina garrantzitsuena da bidea ezagutzen dutela, eta iragan sasoian baino multzo gogorragoa dute. Arlo horretan Phil Jacksonen lana bikaina izan da, jokalariak konfiantzaz lepo baitaude.
Kobe Bryant da izarra, baina Pau Gasol kataluniarrak pauso bat eman du aurrera, iragan sasoiko lanarekin alderatuta. Berak hartu du taldearen zama azken partidetan, eta Bryant fresko iritsiko da kanporaketetara. Lamar Odom hegaleko garaiak ere iragan sasoian baino jarrera hobea izan du. Aldea, baina, Andrew Bynum pibot gaztea da. Min hartuta egon da, eta kanporaketetan hartu beharko du erritmoa, une erabakigarrietara sasoiko iristeko. Arazoa, berriz, iragan sasoiko bera da: ordezko jokalariak.
Garnett, kolokan
Bi dira hautagai nagusiak, baina ez bakarrak. Beste bat ere gehitu daiteke: Boston Celtics, iragan sasoiko txapelduna. Defentsa zorrotzak eta Allen, Pierce eta Garnett hirukoaren eraso jokorako talentuak bihurtu zuen txapeldun. Pibota, baina, kolokan dago kanporaketetarako, eskuineko belaunean min duelako. Doc Rivers entrenatzaileak aurreratu du ezingo duela jokatu, baina oraindik ezin da ziurtatu. Osatzen ez bada, ezinezkoa izango da titulua bigarren urtez jarraian irabaztea. Iragan denboraldian ez bezala, arazo fisikoak izan dituzte sasoi honetan, eta izar hirukotea urtebete zaharragoa da. Rondo antolatzaile gazteak iragan sasoiko lana hobetu du, baina ordezko jokalariekin mailak asko egiten du behera. Halere,ezin da baztertu, oso talde lehiakorra da, eta badaki sufritzen.
Orlandok eta San Antoniok ere aukerak izan ditzakete. San Antoniok urte bakoitietan titulua irabazi du azkenaldian(2003an, 2005ean eta 2007an), baina Manu Ginobiliren hutsunea gehiegizko zama izan daiteke. Orlandok ere, Jameer Nelson antolatzailearen hutsunea du, baina ondo estali zuen, Rafer Alston fitxatuta. Dwight Howard pibotaren altzoan, Rashard Lewis eta Hedo Turkoglu hegaleko fin garaiak edozein talderi hortzak erakusteko bezain onak dira, baina ez dirudi multzo oso sendoa denik. Atzetik, Dallasek, Chicagok, Miamik eta Portlandek ezustea eman dezakete lehen kanporaketan, sasoi onean bukatu dutelako denboraldia. Azkenik, hauek dira gaur hasiko diren kanporaketak: Dallas-San Antonio, Houston-Portland, Detroit-Cleveland eta Chicago-Boston.
Jokalari onenaren sariakhiru hautagai ditu
Maurice Podoloff garaikurrak saritzen du denboraldi erregularreko jokalari onena. Epaimahaiak 125 kide ditu, eta talde bakoitzeko hiruna ordezkariz eta 35 kirol kazetariz osatua dago. Sasoi honetan, hiru hautagai nagusi ditu: Lebron James, Dwayne Wade eta Kobe Bryant. Azken horrek baino ez du lortu aurretik, iragan sasoian, eta horrek ez dio mesederik egingo.1. Lebron James. Faboritoa da, marka onena lortu duen taldearen bihotza, eta ligako dominatzailerik handiena. Partidako batez bestekoak izugarriak dira: 30 puntu, 7,8 errebote eta 7,2 asistentzia. Haren aurkakoek joko fisikoegia egiten duela diote.
2. Dwayne Wade. Miamiko izarra, eta berarengatik izan ez balitz, taldea ez legoke kanporaketetan. Txapeldun izan zenean ez zuen saria jaso.21 puntu sartu eta 7 asistentzia eman ditu partidako.
3. Kobe Bryant. Los Angeles Lakerseko burua. Partidako 26 puntu sartu ditu, eta sei errebote hartu eta sei asistentzia eman. Iaz jaso izanak ez dio mesede egingo, ezta Clevelanden markak ere.
Ekialdeko kanporaketak
CLEVELAND CAVALIERS 66-16DETROIT PISTONS 39-43
Lehen pausoa. Cleveland da faborito garbia, oso alde handia dago bi taldeen artean, eta ligan jokatutiko lau partidetatik hiru irabazi ditu.
Detroiten gainbehera. Txapeldun izan zeneko adorea desagertu da. Ozta-ozta sailkatu da.
Iversonek ez du jokatuko. Detroitek denboraldiaren erdialdera fitxatu zuen izarra min hartuta dago.
BOSTON CELTICS 62-20
CHICAGO BULLS 41-41
Garnett gabe, ezinezkoa. Kevin Garnetten parte-hartzea kolokan dago, belauneko arazoengatik. Hutsune handiegia litzateke Bostonentzat.
Chicago goraka. Hiru jokalari trukatu zituzten otsailean, eta taldeak goraka egin zuen.
Joko bizia defentsaren aurka. Bostonen indarra defentsa da; Chicagorena, erritmo handiko joko bizia. Bullsek jokalari gazte eta indartsuagoak ditu.
ORLANDO MAGIC 59-23
FILADELFIA 76ERS 41-41
Howarden garrantzia. Orlando da faboritoa, eremuan duen indarrarengatik. Dwight Howard da ligako pibotik onena.
Aurrekoak, Magicen alde. Orlandoko taldeak irabazi ditu ligan jokaturiko lau partidak.
Kanpoko lerroa da arriskutsua. Miller antolatzailea, Williams eskolta eta Iguodala eta Young hegalekoak dira Filadelfiaren saskiratzaile nagusiak.
ATLANTA HAWKS 47-35
MIAMI HEAT 43-39
Izarra multzoaren aurka. Miamin dena mugitzen da Dwayne Waden inguruan; Atlantak, berriz, boskote indartsua du. Halere, bi taldeek dute zuloa aulkian.
Beasleyren itxaropena. Miamiko lehen urteko jokalariak azken bost partidetan eman du bakarrik berarengandik espero zena, 23 puntu eta 12 errebote partidako.
Luzerako. Aditu gehienek 7 partida espero dituzte.
Mendebaldeko kanporaketak
LOS ANGELES LAKERS 65-17UTAH JAZZ 48-34
Bynumen itzulera. Andrew Bynum pibot gaztea garaiz sendatu da Lakersi laguntzeko. Faboritoak dira, eta ligako azken partidan 125-112 irabazi zieten Utahri.
Utah, gain behera. Utah-k gaizki bukatu du liga. Sloan entrenatzaile beteranoak publikoki kritikatu du jokalarien jarrera.
4-2. Iragan sasoiko finalerdietan, Los Angelesek Utah kanporatu zuen.
DENVER NUGGETS 54-28
NEW ORLEANS HORNETS 49-33
Billupsen zentzua. Chauncey Billups antolatzailea da Denverren liderra, bera iritsi zenetik jokaturiko 46 partidetatik 30 irabazi dituzte. Eurak izan dira ezuste nagusia.
New Orleans ez da iragan sasoikoa. Iragan sasoian bigarren izan ondoren, taldeak okerrera egin du. Paulek eta Westek eutsi diote bakarrik mailari.
Bina. Ligan lau aldiz jokatu dute, eta bina irabazi dituzte.
SAN ANTONIO SPURS 54-28
DALLAS MAVERICKS 50-32
Ginobili gabe, zail. Manu Ginobilik min hartuta dago, eta San Antoniok bera gabe zail du finalera iristea. Hala ere, faborito da lehen kanporaketan.
Dallas, sasoiko. Dallasek azken txanpan lortu du sailkatzea. Sasoiko dago, eta jokalari bikainak ditu.
Lehia klasikoa. Azken urteetan kanporaketa ugari jokatu dituzte elkarren aurka.
PORTLAND TRAIL BLAZERS 54-28
PHOUSTON ROCKETS 53-29
Portlanden bukaera bikaina. Portlandek ligako azken hamar partidetatik bederatzi irabazi ditu, eta sasoi bikainean iritsi da kanporaketetara.
McGrady gabe, hobe. Houstoneko izarrak min hartu zuenetik, taldeak gora egin zuen. Kanporaketetan ere ez du jokatuko.
Faborito garbirik gabe. Kanporaketa luzea espero da; ligan etxeko taldeak irabazi du beti.