Maiz erabiltzen da futbolaren hizkeran berezia hitza neurketa handi bat deskribatzeko. Atletico Madril, ligako bigarren sailkatua hartuko dute gaur txuri-urdinek etxean, eta berdeguneko kontuak berez erakargarriak izateaz gain, espainiarren etorrerak Anoetan pizten duen grina erantsi behar zaio lehen lerroko adjektiboak betetzen duen tokia ulertzeko. 1998ko abenduan Aitor Zabaleta jarraitzaile txuri-urdinaren hilketa doilorrak zerikusi zuzena du horretan, eta aurrerantzean ere izango du, zale guztien betebeharra baita hura gogoratzeko lana.
Ezohiko erabaki batekin, Philippe Montanierrek gaur jakinaraziko du zerrenda. Pare bat jokalari kili-kolo ikusi zituen atzoko saioan, eta nahiago izan zuen beste 24 orduz itxaron deialdia osatzeko. Ateak irekitako saioetan gertatutakoaren arabera, Imanol Agirretxeren itzulera ziurtzat jo liteke. Hori bakarrik ez, hasierako hamaikakoan sartzeko aukera izango du, Chory Castroren baimenarekin. Era berean, ezustekoa litzateke Ruben Pardo kanpoan geratzea, jakinik David Zurutuza min hartuta dagoela. Hori bai, Celtaren aurkako aztarna fidagarria izan bazen, Antoine Griezmannek jokatuko du erdilariaren lekuan. Hortik aurrera ez dauka beste ezer ukitu beharrik. Ikusi egin behar zerrenda jakinaraztearen atzerapenak zer-nolako ondorioak izango dituen.
Atletico Madrili dagokionez, Arda Turanek ez du jokatuko, eta haren partez Raul Garcia ariko da Anoetan. Ezegonkortasunaren eremuan sartuta egotera ohituta, Diego Simeone entrenatzailearen lanak ziurtasuna eman dio Atletico Madrili. Hain zuzen, erdilari gogorra zeneko garaiak zaharberritu ditu argentinarrak beste ikusmira batetik. 1996an Radomir Anticen aginduetara liga txapelketa eta kopa irabazi zituztenean, entrenatzailearen pentsaera hedatzen zuen erdialdean Simeonek. Jokalarien esanetan, ikusgarria omen da zer-nolako zehaztasunez xehetzen dituen aurkarien bertute eta gabeziak. Horren fruituak harrigarriak ari dira izaten: 28 garaipen, zortzi berdinketa eta bost porrot. Tartean, Europako Ligako eta Europako Superkopako garaikurrak. Pep Guardiolak Bartzelonan eta Jose Mourinhok Real Madrilen zenbaki beretsuak lortu zituzten tarte berean.
Falcaok, 11 gol dagoeneko
Argentinarraren lehen aginduak kokapenarekin du zerikusia: ezin liteke tokia galdu. Hortik abiatuta eraikitzen du kontrako taldea desegiteko sarea. Aurrena behartuz, pentsatzeko astirik izan ez dezan, jokoaren sorrera galarazteko. Zortzi erremate hartzen dituzte espainiarrek partidako, beste inork baino gutxiago. Ondoren, ukitu gutxiko igaroaldi azkarra behetik gora, Radamel Falcao aurrelariak jokaldiak amai ditzan. Sasoi betean da kolonbiarra. Aurreko bi denboraldietan 74 gol sartu zituen Porto eta Atletico Madrilekin. Sasoi honetan 11 daramatza bere taldearekin, eta lau selekzioarekin. Lionel Messik eta Cristiano Ronaldok baino batez besteko hobea du: hiru jaurtiketaz behin zulatzen du aurkariaren atea. Itzela. Realekoek badute haren berri: hiru gol sartu zituen Anoetan joan den urtarrilean. Defentsa lan zorrotz eta gogorra eskatuko die, beste behin.
Bakoitza bereari helduta
Realak etxeko sendotasuna baliatu beharko du Atletico Madrilen aurka, hazita iritsiko baita Falcao
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu