Peter Lorant. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Bakoitzak bere lana zein den onartzen duelako gara hain eraginkorrak»

Taldeko zortzigarren jokalaria da, baina pozik dago, «bakoitzak bere lana duelako». Lanean jarraitu behar omen dute, «gaur goian eta bihar behean zaudelako». Ez du amesgaiztorik Teletovicekin.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Igara auzoko jatetxe bateko atarian dago Peter Lorant (Budapest, 1984), garagardo bat edaten eta liburu bat irakurtzen. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariek atsedena izan zuten atzo, eta Lorantek eguzkia, eguraldi epela eta lasaitasuna ditu gustuko. Bai bihar eguerdira arte, behintzat. Orduan, beste zeregin zailago batean murgildu beharko du: Mirza Teletovicen zaintza, Illunben, Caja Laboralen aurka jokatuko duten derbian.

Loreak han, loreak hemen... Denen ahotan dago Lagun Aroren jardun ikusgarria. Nola daramazue?

Lasaitasunez. Halakoetan alderaketak egiteko joera izaten da, baina gure kasuan ezin egin, zortzi onenen artean gauden lehen aldia delako. Garbi dugu ezin garela lasaitu, hamargarren sailkatua garaipen bakarrera baitago.

Bihar Caja Laboral dator Illunbera, Euskal Herriko saskibaloi talde onena. Hura garaitzeko gai zaretela diote askok. Zeuek?

Geuk ere hala pentsatzen dugu. Hala ez balitz, gure kaltetan litzateke. Bi aldiz jokatu dugu haien aurka, eta bietan galdu. Orain, ordea, une gozoan gaude, eta haiek menderatzeko gai garela erakutsi dugu. Gainera, etxean jokatuko dugu.

Espainiako Kopan Mirza Teletovic zaintzeko ardura eman zizun Sito Alonsok, eta nahiko ondo bete zenuen zure lana. Nola lortu zenuen?

Entrenatzaileak ez dit baimenik eman hori azaltzeko [barrez]. Ez dago sekretu handirik. Haren ipurdi atzean jarri eta nola edo hala eustea da gakoa, ahalik eta deserosoen sentiaraztea. Eta hori lortuta ere, ezin saihestu baloia saskiratzea. Jokalari aparta da, eta gai da saskiratze ikusgarria lortzeko, gain-gainean bi edo hiru jokalari edukita ere.

Abendu hasieran, sailkapenaren zuloan zineten, eta martxoan, laugarren postuan. Barrutik begiratuta, zein da sekretua?

Emaitzak onak edo txarrak izan, antzera jarraitu dugula lan egiten. Jakina, partidak irabazten dituzunean hobeto egiten duzu lan, baina okerren geundenean ere inor ez zen atera bere onetik. Sito Alonsok baikortasuna kutsatu zigun, eta zulotik ateratzea lortu genuen.

Nola, gainera. Lehen bi hilabeteetan, dena atera zitzaizuen gaizki, eta hurrengo hiruretan, dena ondo. Fedea?

Baliteke. Estudiantesen aurkako partidako azken hamalau segundoak jarriko nituzke ispilu gisa. Hogei punturen aldea genuen, baina ez gara inoiz belaunikatzen. Borrokan segitzen dugu. Ogidek txapel bat jarri zuen, eta Vidalek txikitze batekin amaitu. Gehienez 10-12 puntugatik galdu dugu, eta horrek esan nahi du gu garaitzea nahiko zaila dela. Izaera berezia eman digu Sitok, eta muturreraino eramaten saiatzen gara.

Ez duzu askorik jokatzen, baina ez zara kexatu. Zergatik?

Jokalari guztiok gure lana dugulako, eta nik garbi daukadalako zein den nire lana: aulkitik kantxaratu eta intentsitatea eman taldeari, defentsa indartu. Batzuek puntuak sartzen dituzte, besteek asistentziak eman edo erreboteak bereganatu. Niri zeregin zehatz bat eskatzen dit entrenatzaileak, eta garrantzitsuagoa da agindutakoa betetzea, hamar edo hogei minutu jokatzea baino. Bakoitzak bere lana zein den onartzen duelako gara hain eraginkorrak. Nire aberrian, gose handiena jan ostean etortzen zaizula esaten da, eta halaxe gaudela esango nuke: gauzak ondo egiten, baina hobeto egiteko desirarekin.

Urrezko LEB ligan jokatu zenuen lau urtean, Burgosen [Espainia]. Asko nabaritu al duzu ACB ligako jauzia?

Bai. Erritmoa askoz handiagoa da, eta ACB ligan jokalari guztiak dira onak, denek dute saskiratzeko erraztasuna aukera emanez gero.

Jende askoren begietara, Sito Alonsori esker dabil taldea hain ondo. Nola definituko zenuke zuk?

Oso gertukoa da. Tratu bera ematen digu guztiei, eta gure artean, txantxetan, Sitoren hamabi haurrak garela diogu. Oso aberatsa da taktika aldetik, baina arlo psikologikoan ere bai. Buruan zerbait sartzen zaionean ez da geratzen, lortzen duen arte, eta langile petoa da.

Etorri, hilabete eta erdi pasatu, eta bi hilabeterako hartu zenuen min. Taldea okerren zegoenean. Bueltatu zinenean zortzi onenen artean zegoen jada. Txantxa asko egin al dizkizute taldekideek?

Bai. Baina, zorionez, ez gara galtzen hasi. Oso ondo moldatzen gara gure artean. Bidaietan-eta Play Stationarekin ematen dugu denbora piloa, eta harreman on horren emaitza kantxan ikusten da gero.

Nork irabazten du?

Nire taldeak: Baron, Panko, Betts, Ogide eta ni neu gara. Davidek [Doblas] eta haren taldeak galdu egiten dute beti. Tira, ia beti [barrez].

Zer moduz Donostian?

Ederki. Hiri lasaia da. Eguzkitsua, kontrakoa esan bazidaten ere, eta jendea, oso atsegina. Tabernetara sartzen zara eta berehala jabetzen zara hitz egin zaleak zaretela. Asko gustatzen zait hori. Euskaldunak jende zintzoa dirudizue. Abertzale sutsuak ere bazaretela jabetu naiz, gu bezala.

Nola konturatu zinen?

Elkarrizketa batean, «zuek espainiarrak» esan nuen, eta harridura keinuak sumatu nituen.

Norekin moldatzen zara ondoen?

Manus [Manolis Papamakarios] eta biok elkarren ondoan bizi gara, eta elkarrekin denbora asko pasatzen dugu.

Baina hark emaztea eta zortzi hilabeteko alaba bat du.

Haien familiako beste kide bat bezalakoa naiz dagoeneko [barrez].

Taldean estimu handia omen dizute; taldekide ona omen zara.

Pozten naiz hori esan badizute. Merezi du lankide izateaz gain lagun ona izaten saiatzea.

Urtebeterako sinatu zenuen kontratua. Jarraitzeko prest al zeundeke?

Bai, noski.

Donostia edo Budapest?

Subjektibo samarra izango naiz. Donostia polita da, baina Budapest, politagoa. Hiria bisitatzea gomendatzen dizuet; ez zarete damutuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.