Matematikak ez dio gezurrik. Galdutakoak egindakoak baino gehiago direnean, segurua da porrota, eta halaxe gertatu zitzaien atzo Berasaluze VIII.ari eta Albisuri Iruñeko Labrit pilotalekuan. Berriztarrak hamabi tanto egin zituen aurrean; balantzari alde egokira egin zion tira, beraz. Baina Ataungo atzelariak hamalau huts egin zituen, eta gehiegi izan ziren garaipena lortzeko. Gaztearen esperientzia falta eta urduritasuna agerian geratu ziren, eta Xalak eta Laskurainek ez zuten aukera alferrik galdu. Izerdi asko botata, finalerdietakoligaxkako lehen puntua lortu zuten.
Dena den, partidari ez zioten behar bezala ekin. Iratzargailua berandu jarri zuten, nonbait. Konturatzerako 5-0 ziren atzetik, eta kosta egin zitzaien lehia orekatzea. Albisu konfiantzaz ari zen, eta Berasaluze, inspiratuta. Ordea, ikuskizuna alde batera utzi, eta lanean oinarritu zuten euren jokoa gorriek. Asmatu zuten. Lan erdietarako berdindu zuten norgehiagoka (11-11).
Batzuk behetik gora zetozen, eta besteak, alderantziz. Albisuri dardarka hasi zitzaizkion hankak, eta hiru pilotakada jarraian jotzeko, komeriak izan zituen. Laskurainek ongi baliatu zuen momentu hori bizkarra erakusten hasteko, eta Xalak ere lagundu zion. Bien artean ezerezean utzi zuten Berasaluze VIII.aren jokoa. Pazientzia handiarekin, 18-12 aurreratu ziren, eta bazirudien eskuan zeukatela garaipena.
Pilotari handiak, baina, ur handietatik ongi irteten direnak dira, eta berriztarra handia da. Berak bakarrik atera zituen babak eltzetik, eta 18nakoa lortu zuen. Amaieran, baina, gehiago izan ziren Xala eta Laskurain (22-19).
Jardunaldiko bigarren partida gaur jokatuko dute, Gasteizen, Titin III.a-Merino II.ak eta Olaizola II.a-Beroizek.
Balantza ezin orekatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu