OLINPIAR JOKOAK

Balantzeen ordua

Londresen kalkuluen arabera, 16.300 milioi euroren etekinak eman dituzte Olinpiar Jokoek. 900.000 bisitari izan ditu hiriak.

Berria.info
2012ko abuztuaren 13a
11:01
Entzun

Olinpiar Jokoak bukatuta —oraindik ere Paralinpiar Jokoak falta dira—, Londresko hirian hasiak dira Jokoek utzitako ondorioak aztertzen. Boris Johnson hiriko alkateak balantze "aparta" egin du gaur emandako prentsaurrekoan, eta, esan duenez, jokoek 13.000 milioi liberaren (16.300 milioi euro) etekinak sortu dituzte hirian.

Londresek atzerriko 300.000 bisitari eta herrialdeko beste 600.000 jaso ditu Olinpiar Jokoek iraun duten 17 egunetan, eta ostatuen okupazioa %84koa izan da, Johnsonek jakinarazi duenez. Bestalde, azpiegitura guztiak eraikitzen eta mantentzen britainiar enpresak jardun dira, eta, hala, erabilitako 6.000 milioi liberen (7.650 milioi euro) %98 herrialdean bertan geratu dira. 

Era berean, eraikuntzan sortutako zeharkako landunetatik, 10.000ri Westfield merkataritza gunean —olinpiar parkearen sarreran dago— eman diete lana. Gainera, turismoak hemendik aurrera 12.000 lanpostu berri sortzea ere espero dute udaletxean.  

Jatetxe eta antzerkiek ere nabaritu dute jokoen eragina; ostalaritzaren etekinak %20 igo dira, eta antzerkien %114 sarrera gehiago saldu dituzte. 

Johnsonek, amaitzeko, Londresko biztanleen "pazientzia, eskuzabaltasuna eta irudimena" goretsi ditu, eta gogoratu oraindik ere Paralinpiar Jokoak jokatzeko daudela: "Paralinpiar Jokoak Erresuma Batuan asmatu ziren 1948an, eta orain euren inguruan daude hainbat uste oker aldatu nahi ditugu. Jendeak lehiaketa ikusgarriez gozatuko du".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.