Bi mila eta bederatzigarren urtean, abuztuaren 22garren egunean, Hondarribiko herriko barraren aurrean, bandera agertu zen zazpiak eta erdiak aldean. Eta oriotarrek irabazi zuten. Denboraldi honetan aurrenekoz. Hondarribian lehen aldiz. Castroren aginte luzeari amaiera emanez.
Ikusi zutenean bandera irabazteko moduan zirela, berehala joan ziren norabide onenaren bila, arraun eta arraunlari on pila. Agudo eramateko bandera herrira ez da ez arraunlari multzo hila. Hiru traineru joan ziren patroi banarekin. Mutil bizkor bikainak, indar ugarirekin. Baina Oriok hartu zien aurrea Castrori eta Hondarribiari Irakoitz Etxeberria, Aizperro eta beste hamabirekin. Mirotza ontzian egindako salto eta orroak ikaragarriak ziren. Atzera egin gabe aurkarien maila bikainaren aurrean, sekulako estropada eginez irabazi zuen Oriok bandera.
Gertatua dago egiaren alde, eta atzokoa horrela ez bada, jendeari galde. Arraun munduko zaleak bihotzez pozturik daude, halako batean Castro ez den beste batek irabazi duelako banderaren bat. Hemendik aurrera, estropadak zirraraz jarraitzeko aukera izango da, batere aspertu gabe. Garai onenean dator, gainera, zalantzak eragindako emozioa. Irailaren atarian. Kontxako Bandera preziatua ate joka dagoenean. Behar zuen arraunak halakorik.
San Miguel ligako hamahirugarren jardunaldiak sorginkeria egin izan balu bezala izan zen atzokoa. Lehenbizikoz, itsaso nahasian egin behar izan zuten arraunean. Txanda guztietan ikusi ziren gorabeherak. Traineru batek oraintxe aurrera egiten zuen, eta, halako batean, atzera. Estropada eroa izan zen. Hirugarren txandan erabaki zen garailea. Lehen luzean lehia estua izan zuten Castrok eta Hondarribiak. Segundo bat aurretik zen La Marinera. Atzeraxeago zen Orio. Lehen kaletik baztertua bezala. Sei segundora, baina isil-isilik lanean. Bigarren luzea ikusgarria izan zen. Ziabogarako 100 bat metro falta zirela, Castrok lau bat segundoko tartea ateratzen zion etxeko ontziari, baina balizetera heltzear zirela, Hondarribiak olatua hartu zuen, eta Castro zuloan sartuta bezala gelditu zen. Batera jarri zituzten bi traineruak hirugarren luzeari begira. Orio bost segundora zebilen, eta atzo ere eskas jardun zuen San Pedro hogeira zen.
Ematen zuen etxekoek hautsiko zutela haustekotan Castrokoen agintea. Baina kantabriarrek ospa egin zieten. Hirugarren eta azken ziabogan, bederatzi segundo kentzen zizkioten Hondarribiari eta 11 Oriori. Baina ziaboga ematean, arraun txikia galdu zuen Castroko aurrekoak, eta zabal samar hartu zuten buelta. Azken luzean, Oriok sekulakoa egin zuen. Gerturatu egin zitzaien gorriei. Hondarribia husten ari zen, atzean gelditzen, nahiz eta uneren batean pare bat segundora jarri. Azken metro ikusgarriak eginez, Aizperroren koadrila segundoa baino tarte txikiagoarekin sartu zen aurretik. Castro garaitu zuten. Hondarribiak egin zuen hirugarren.
Gaur, Pasai San Pedron
Hamalaugarren estropada dauka gaur San Miguel ligak. Pasai San Pedron ariko dira traineruak (12:00etan, ETB1). Erlojuaren aurka. Atzoko ikuskizunaren ondoren, ez da modurik egokiena ikusgarritasunari segida emateko, baina egutegiaren ajeak dira. Hiru txandatan banatuta aterako dira ontziak, ligako sailkapena aintzat hartuta. Atzoko berak izango dira.
Balea bakarrik falta zen
Oriok hautsi du Castroren agintea, denboraldiko lehen bandera irabaziz eta Hondarribian aurrenekoz garaile izanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu