Balentria eskura

Galesek eta Frantziak etzi Cardiffen jokatuko duten partidak erabakiko du Sei Nazioetako irabazlea

ENERITZ ZABALETA BAIONA
2008ko martxoaren 13a
00:00
Entzun


Galesek eta Frantziak etzi Cardiffen jokatuko duten partidak erabakiko duSei Nazioetako irabazlea


eneritz zabaleta

Baiona

Inor gutxik esperoko zuen horrelakorik Sei Nazioen Torneoa hasi baino lehen: bost jardunaldietatik lau jokatu diren honetan, Gales torneoa irabazteko hautagai nagusia izatea. Are eta gehiago, Frantziaren aurkako partidaren atarian, Porruaren hamabostekoa da partida bakar bat ere galdu ez duen talde bakarra. Ondorioz, Gales da grand-slam-a -torneoa jokatutako partida guztiak irabazita eskuratzea - lortzeko hautagai bakarra. Balentria handia da Galesena, iragan Munduko Kopan lehen itzulia pasatzea ere lortu ez zuen hamabostekoa dela kontuan hartuta.

Lau hilabete eskasetan goitik behera aldatu du bere martxa Galesek. Aurtengo torneoan, 2005ean erakutsitako joko bikaina errepikatzea lortu dute deabru gorriek. Urte hartan, grand-slam-a lortu zuen Gareth Jenkinsen taldeak. Urteak ziren Galesek torneoa irabazten ez zuela, 1994tik, hain zuzen ere. Eta oraindik gehiago partida bakarra galdu gabe irabazizuenetik, 1978tik, hain zuzen ere. Haien jokoaren oinarrietara itzuliz lortu zuten galestarrek 2005ean garaipen handi hura. Joko bizia, mugimendua, paseak... beti izan dira Galesekoen izenpedura. Joko horri esker, 1970eko hamarkadako talde mitikoen lorpena errepikatu zuten galestarrek.

Baina azken bi urteetan erdipurdi ibili zen Gales. Jokoa, jokoa egiteagatik egiten hasi zen. Baloi jabetzaren borroka bigarren planora pasatu zen. Abiadura eta presak nahastu zituen. Gehiegizko antolaketatik anarkiara pasatu zen, jokalariei entrenatzaileek emandako askatasuna gaizki erabiliz... Bi urteko krisiak Munduko Kopako emaitza kaskarrekin jo zuen gailurra. Lehen fasetik pasatzerik ez zuen izan, Fijiren aurka porrot historikoa jasoz.

Baina aurtengo torneoan itxura erabat ezberdina erakutsi du Galesek. Warren Gatland Zeelanda Berriko hautatzaileak Gareth Jenkinsen lekua hartu du, eta aldaketak azkar nabaritu dira. Gatlandek taldeak zituen ohiturak bazterrera utzi, eta berrikuntzak ekarri ditu lan egiteko eran. Eta lehen aldaketa horiek fruituak ematen ari dira. Gales 2005eko bidera itzuli da. Jokalariek askatasuna dute zelaian jokoa kudeatzeko, baina, azken bi urteetan ez bezala, gauzak ez dituzte azkarregi egiten, eta lehenik baloia irabazteari ematen diote lehentasuna, ondotik jokoan arriskuak hartzeko.

Galesen arrakasta, baina, ez du bakarrik taldearen susperraldiak azaltzen. Testuinguru berezian iragan da aurten torneoa. Frantziak belaunaldi berri bati lekukoa pasatu nahi dio, eta partida oro aldaketa anitz eginez jokatu du. Ingalaterrak, berriz, oraindik jokoa bizkarraren gainean hartzeko zailtasunak ditu, eta Ashtonek bere estiloa garatzeko belaunaldi gazteei lekukoa ematea ez du oraindik erabaki. Irlandak, azkenik, ez du Munduko Kopako porrotetik ikasi, eta O'Driscoll eta gainerakoen belaunaldiari konfiantza itsua ematen jarraitzen du Eddie O'Sullivan hautatzaileak. Galesen aurkariak ez daude sasoiko, eta porruaren hamabostekoak ederki baliatu duegoera garaipenak pilatzeko: 19-26 Ingalaterraren kontra, 30-15 Eskoziaren aurka, 47-8 Italiaren kontra eta 12-16 Irlandaren kontra. Orain, azken urratsa falta zaio Galesi. Frantziaren aurka garaipena lortzea, edo, galduta, torneoa irabazteko moduko emaitza lortzea.



auKeraK

Galesek torneoa irabaziko du: 19 puntu baino gutxiagoz galtzen badu, berdindu edo irabazten badu.

Frantziak torneoa irabaziko du: 20 puntu edo gehiagoz irabazten badu

Biek torneoa partekatuko dute: Frantziak 19 puntuz irabazten badu, eta Galesek baino entsegu gehiago sartzen baditu.





Warren Gatland,Gales berpiztu duen'All Black' ohia

Partida gutxi behar izan ditu Gatlandek, galestarren eta hedabideen sustengu sutsua lortzeko. Bakarra, egia erran. Torneoko lehen partida zen. Twickenhamen analista guztiek Galesen porrota aurreikusten zuten Ingalaterra ahalguztidunaren aurka. Gatlandek lehen partidatik bere berezitasuna markatu zuen: Ospreyseko 13 jokalari zelairatu zituen, urte osoan elkarrekin ari diren jokalarien alde eginez. Ongi atera zitzaion apustua, garaipen historikoa lortu baitzuen Galesek.

Ordutik, partida orotan ezustea eman du Gatlandek. Gavin Henson, zelaietatik at jokabide oso profesionala ez ukateagatik kanporatutako izar deitu zuen; Ryan Jones kapitaina ordezkoekin utzi zuen gero, Hook eta Stephen Jones irekitzaile gisara tartekatu zituen gero...Azken ezustekoa, Hookekin batera, Dwayne Peel uztartze erdia aulkian utzi, eta 1,93 metroko eta 103 kiloko Philipps zelairatzea erabaki du, Frantziaren aurka jokatzeko. Postu horretan txikiek jokatu ohi dute -Yachvili Miarritzekoak 78 kilo pisatzen ditu-, handi baten alde egin du.

Orain arte gauzak ondo atera zaizkio Gatlandi. Baina, ezusteak emateaz gain, lanaren alde apustu egin du ere. Lana eta lana proposatu die jokalariei, eta defentsa bereziki indartu. Emaitza begi bistakoa da: torneoko defentsa onena da Gales, bi entsegu bakarrik jaso baititu lau partidatan. Bi urteko zikloa finkatu du Gatlandek talde handia osatzeko, baina etzi abiatutako lanaren fruituak uste baino lehenago jaso ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.