Balentriaren mugan

San Antoniok estu hartu du Asobal ligako liderra, baina Rocasek hamar segundo falta zirela sartu du azken gola

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Partida amaitzeko hamar segundo falta zirela, berdinduta zeuden: 25-25. Partida handia jokatuta, handia egiteko zorian zegoen San Antonio, baina Albert Rocasek partida amaitzeko hamar segundo falta zirela sartutako golari esker irabazi zuen Bartzelonak, atzo, ligako seigarren partida jarraian. Bi goleko gehienezko aldea besterik ez zuen izan Bartzelonak partidan zehar (0-2, 5-7, 6-8, 22-24 eta 23-25), baina etxekoak partida hausteko zorian izan ziren Sevaljevicen golari esker 21-19 aurretik jarri zirenean -16-14koan ere bi golen aldea izan zuen San Antoniok-. Asobal ligako seigarren jardunaldian ezusteko handia emateko zorian izan ziren nafarrak, baina esku-hutsik geratu ziren azkenean.

Ia ezinezkoa zirudien San Antoniok Bartzelona larritzea, baina 0-2 galtzen hasi ondoren, 3-0eko partzialarekin uxatu zituzten nafarrek beldur guztiak. Sei gol sartu zituen Sevaljevicek -lau bigarren zatian-, eta bost Meokik, bederatzi metrotik erakustaldia emanda. 16-15 amaitu zen lehen zatia, eta bigarren zatian ere Bartzelonak ez zuen asmatu etxekoen atea zulatzen. Romerorena da daturik esanguratsuena. Bartzelonako jokalariak lau jaurtiketa egin zituen lehen zatian, eta gol bakarra sartu zuen; bigarren zatian, berriz, zortzi jaurtiketa egin zituen, eta bi gol soilik sartu.

Partida amaitzeko bost minutu falta zirela 25-25 zegoen partida, eta tentsio handiko azken bost minutuetan gol bakarra izan zen. Tamalez, Bartzelona liderraren aldekoa.

Bera Beraren berdinketa

Bera Berak ABF ligako bosgarren jardunaldiko partida jokatu zuen atzo Leonen pistan, eta donostiarrek 28-28 berdindu zuten. Behin-behinean bigarren postuan jarri dira donostiarrak, zazpi punturekin. Leon atzoko aurkaria bost punturekin dago.

Itxakok, berriz, gaur jokatuko du bosgarren jardunaldiko partida, Mar Alacanten pistan (20:30). Nafarrak lidergoan daude, jokatutako lau partidak irabazita, eta Mar Alacant hirugarren postuan dago, hiru partida irabazi eta bakarra galduta -joan den astean Elxen aurka galdu zuen, 29-23-. Itxakok Mar Alacanten aurka jokatu ditu azken bi finalak: Espainiako Kopa eta Superkopa, eta biak irabazi zituzten nafarrek. Aguilarrek, Tervelek, Egozkuek eta Martinek ez dute jokatu gaur, min hartuta baitaude.



San Antonio 25

Bartzelona 26

San Antonio. Ristanovic, Borragan (1), Mindegia (3), Eloy (2), Crowley (1), Rasic (1), Agirrezabala (2) -hasierako zazpikoa-; Herdeiro Junior, Sevaljevic (6), Guardiola (3), Vargas, Meoki (5) eta Alvarez (1).

Bartzelona. Sjostrand, Juanin Garcia (4), Entrerrios (3), Sorhaindo (2), Jermenir, Rocas (2), Igropulo (4) -hasierako zazpikoa-; Noddesbo (1), Ugalde (2), Romero (3), Rutenka (5), Ruiz eta Saubich.

Markagailua. 2-2, 5-5, 7-8, 11-11, 13-13, 16-15 (atsedenaldian); 17-17, 20-19, 21-20, 22-24, 24-25 eta 25-26.

Epaileak. Garcia Mosquera eta Rios Martin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.