Balio bikoitza dauka

Zortzi onenen artean sartu nahi dute Lagun Arok eta CAI Zaragozak; joanekoan gipuzkoarrak nagusitu ziren

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bukatu zen Kopa. Akabo ospakizun, festa eta lorpen hark ekar dezakeenaren inguruko hausnarketa oro. Liga bueltan da, eta Lagun Arok hurrengo bi asteetan jokatuko dituen partidek esango dute Sito Alonsoren taldeak zer helburu izango duen ligako azken herenean. CAI Zaragoza eta Estudiantes hartuko ditu Ilunben, eta biak irabaziz gero, titulurako kanporaketak jokatzeko helburua izango du. Lortzen ez badu, urrundu egingo dira zortzi onenak, eta horrekin, denboraldi bukaera gatzik gabekoa izateko arriskua izango da. Zuzendaritzak hori saihestu nahi du, aurreko bi sasoietan ikusi duelako helburu mamitsurik ez edukitzeak harmailak hutsik uzten dituela.

Gaurkoa, dena den, gaurkoa da, eta hurrengo igandekoa beste partida bat. Zailagoa da gaurkoa, indartsuagoa delako aurkaria, eta Koparen ostean datorrelako. Ezin jakin geldialdiak kalterik eragin dion CAI Zaragozari, ezta Kopan aritu izanak Lagun Aroren bolada ona, konfiantza kaltetu ote duen. Normalean ez. Aragoiko taldeak hiru garaipen daramatza jarraian, eta Lagun Arorena ere ez da txarra: zortzi garaipen azken 10 partidetan. Biak ari dira denboraldia hasi aurretik finkatutako helburuak gainditzen, baina zaila izango da biek zortzi onenen artean tokia egitea. Gaur-gaurkoz zazpigarren dago CAI, baina gertu dauka Lagun Aro, garaipen bakarrera. Gaur lortu beharko lukeena.

Balio bikoitza duelako garaipenak. Gipuzkoarrek partida garrantzitsua irabazi zuten urrian Zaragozan, 0-4 hasi ostean. 77-86 nagusitu ziren Zaragozan, eta, gerta litezkeen berdinketei begira, garrantzitsua da emaitza. Lagun Arok gaur garaipena lortuz gero, eurek baino garaipen bat gehiago lortzera behartuko luke CAI. Donostiarrek etxean jokatuko dute, eta etekina atera behar diote aukera horri.

Bero-bero dator partida

Atarikoa askok espero baino mamitsuagoa izan da. Jose Luis Abos CAIko entrenatzaileak hainbat adierazpen egin ditu bere klubeko webgunean, Alonso haserrearazteraino, eta gogor erantzun du Lagun Aroko entrenatzaileak. Abosek esan du joaneko porrota ulertezina izan zela; Lagun Arok zortea eduki zuela Baronek bolada ona eduki zuelako. Aurkarien merituak gutxitzea kritikatzeko modukoa dela esan zuen Alonsok ostiraleko atarikoan: «Irabazten dugunean beti da Baronek bolada ona lortzen duelako. Baron ondo jartzea gure lana da, baina beste zerbait ere ondo egingo genuen, ezta?».

CAIren aurkakoa partida erabakigarria dela esan zuen Alonsok: «Denboraldiko une gozoenean daude. Hirukoetan ligako talde onena dute. 10 edo 11 hiruko saskiratzen dituzte partidako, eta kopuru hori jaitsi behar dugu garaipena lortzeko». Cabezas eta Van Rossom joko antolatzaileen lana gora ekarri zuen entrenatzaileak: «Cabezas da taldeko motorra, arima, eta ez dio beldurrik ematen jokaldi erabakigarriak egiteak».

Donostia aldean gorabehera fisiko franko izan dituzte jokalariek. Panko izan zen gehien erasandakoa joan den astean, sukarrarekin, eta aste honetan beste kide batzuk kutsatu dira. Baron, Betts eta Lasa sukarrak jota edo sabeleko arazoekin bueltaka ibili dira aste osoan, eta, jokatzeko prest badaude ere, litekeena da bete-betean ez egotea.

LAGUN ARO-CAI ZARAGOZA

Txapelketa. ACB ligako 21. jardunaldia.

Lagun Aro GBC. Salgado, Neto, Lander Lasa, Jimmy Baron, Papamakarios, Vidal, Julen Olaizola, Panko, Ogide, Lorant, Doblas eta Betts.

CAI Zaragoza. Cabezas, Van Rossom, Stefansson, Bracey Wright, Almazan, Toppert, Aguilar, Fontet, Archibald eta Hettsheimer.

Sailkapena. Lagun Aro 8. postuan dago: 10-10 (+50); CAI Zaragoza koska bat gorago dago, 7.: 11-9 (+14).

Tokia. Donostia Arena 2016 (10.600 ikusle).

Ordua. 12:15.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.