Ezkututik agerira. Bigarren jardunaldia lehenengo bihurtuta hasi da Espainiako Liga, eta aurreko denboraldian bigarren koska batean egon ziren jokalariak eskailera mailaren aurreneko koskan azaldu dira. Gure taldeetan hala gertatu da, behintzat. Hiru izen esana berresteko: Imanol Agirretxe Realean, Ander Iturraspe Athleticen eta Asier Riesgo Osasunan. Hirurei buruzko jarduna da nagusi orain, baina aurreko sasoian, zeudenik ere ez zuen ematen.
Agirretxe. Realaren inguruan, ligaren hasiera baino egun batzuk lehenago, kontu bakarra zen hizketako gaia: aurrelari bat fitxatu nahian dabil kluba. Taldeko aurrelariei ez zien grazia handirik egingo halakoen berri izateak. Diego Ifranek mikrofonoa baliatu zuen haserrea azaltzeko, eta «beste bat ekartzen badute, joan egingo naiz», bota zuen. Gijonen, Montanier entrenatzaileak ez zion zelaian hitz egiteko aukerarik eman. Agirretxek eduki zuen aukera, eta zelaian ozen mintzatu zen. Arrazoi sendoarekin erantzun zien klubaren asmoei: bi golekin. Ematen du apaldu dituela aurrelari eske dabiltzanen argumentuak. Baina lehen ere isildu izan ditu halakoak, eta gero, bera izan da hitzik gabe utzi dutena: esan nahi da jokatu gabe geratu dela. Goazen Lehen Mailara igo ziren denboraldira. Bikain ekin zion Agirretxek, baina ezustean, Carlos Bueno herkidearen aldeko hautua egin zuen Martin Lasartek. Akabo Agirretxe! Joan zen sasoian ere ezkutuan eduki zuen entrenatzaileak, baina azalarazi zuenean, hiru gol sartu zituen ehun eta piko minututan. Zer gertatuko da denboraldi honetan?Eta sarri jokatzen badu zer?
Iturraspe. Hau ere ona zetorren. Etorkizuna berea zuen. Baina Caparrosek begitan hartu zuen, eta akabo. Laugarren denboraldia du hau lehen taldean, eta Bielsaren begiek maitasunez begiratzen diotela ematen du. Titular izan zen igandean, eta gola sartu zuen. Polit askoa, gainera. Argentinako entrenatzaileak euskarriaren aurretik jarri ohi du, eta baloia askotan ukitzeko aukera dauka. Horixe gustatzen zaio jokalari gazteari. Baloia behar du oinetan. Baloiarekin da abila. Baloiaren laguntza behar du nabarmentzeko. Eta iruditzen zait egokia dela presioa egiteko. Bielsak horixe nahi du, hain zuzen, presioa aurkariaren zelaian egitea, eta uste dut hori egiteko ere jartzen duela Iturraspe jartzen duen lekuan.
Riesgo. Atezaina. Eta jokatzen ez duen atezainak arrisku galanta dauka denboraldi osoan ez jokatzeko. Entrenatzaileok ez ditugu aldatzen jokalariak bezala. Riesgori arriskua gauzatu egin zitzaion aurreko denboraldian. Ematen zuen, ematen zuen... baina gero, beti Ricardo titular. Denboraldia amaitu berritan, zabaldu egin zen Osasunak ez zuela nahi taldean. Baina hara non, herenegun hasieratik jarri zuen Mendilibarrek. Partida ona ari zen jokatzen, eta pentsatuko zuen bere baitan «hau dek nirea». Baina zorte onak kale egin zion. Min hartu, eta berriz ere ezkutura. Ordezkoa zen Andres Fernandezek ere partida ona egin zuen, eta horra berriz ere komerietan Riesgo: lesioa larria ez badu, eta lanean jarraitzeko moduan bada, zeinen aldeko apustua egingo du entrenatzaileak? Garbi dago zein tarte txikia dagoen zorionetik etsipenera futbolean. Eta Riesgoren kasuan, askoz txikiagoa.
Entrenatzaile batetik bestera. Aipatu ditudan hiru jokalarien kasua oso adierazgarria da futbolean askotan gertatzen den egoera bat azaltzeko. Entrenatzaile bakoitzak bere begiekin begiratzen die jokalariei, eta, horregatik, batentzat balekoa dena, bestearentzat hutsaren hurrengoa da. Jokalaria bera da, baina ona edo ez hain ona izan daiteke nork begiratzen dionaren arabera. Agirretxe eta Iturraspe adibide onak dira hori azaltzeko. Eta Riesgorenak beste egoera bat kontatzen du: entrenatzailea bera izanik, sasoi batean ez dio balio jokalariak, eta hurrengoan, berriz, bai.
Aulkitik begira
Balio ez zutenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu