Baionak hurbil izan zuen jardunaldiko kolpea, baina azkenean partida galduta itzuli zen, atzo, Parisko Du Manoir zelaitik (15-9). Partida serioa egin zuten baionarrek defentsan, entsegurik jaso gabe, baina Top 14eko liderrari irabazteko ez zen aski izan. Horrenbestez, defentsako puntu gehigarriarekin konformatu beharko dute.
Lehen zatia oso gogorra izan zen. Bi taldeek defentsa bikainak dituzte eta kontaktu fisikoak beldurgarriak izan ziren. Behin baino gehiagotan, jokalari bat edo beste oreka atxiki ezinik ikusi zen, plakaketaren gogortasunaren ondorioz.
Hain defentsa azkarrak izanik, oso nekeza izan zen erasotzaileen lana. Racingen Bobo edo Scraboroughen aldetik izan ziren asmoak, baina denak alferrik. Baionan ere, Elhorga edo Huget mugitu ziren, emaitza berarentzat.
Gauzak horrela, errugbiaren oinarrietara jo zuten bi taldeek zigor kolpeak lortzeko eta puntuak metatzeko. Uztartzearen aldetik, lehia interesgarria izan zen. Oro har, Baionaren alde jo zuen borrokak. Iginiz hendaiarrak Tuugahala ezinean utzi zuen, uztartze batean zangoak lurretik kendu arte. Uztartze batetik jiniko zigor kolpe bati esker sartu zituen bere puntuak Baionak: 0-3.
Racingek, bere kolpearekin erantzun zuen, eta Jonathan Wisniewskik bi aukera baliatu zituen etxekoak berriz aitzinetik ezartzeko: 3-6 eta atsedenaldian aitzinetik joan zen aldageletara.
Baiona defentsan
Bigarren zatian baionarrak Racingekoak baino hobeki sartu ziren zelaian. Presioa eman zioten etxeko taldeari, eta Benjamin Boyetek aukerak izan zituen tantoak sartzeko. Bost minutuz hiru zigor kolpe egin zituen Racingek, eta bi ostikada zail hagen artean sartu zituen Boyetek: 6-9. Lehen aldikoz, Baiona aitzinetik zen markagailuan.
Hala ere, oso guti iraun zion abantza horrek markagailuan, hurrengo jokaldian gaizki kudeatu baitzuen baloia Lapurdiko taldeak, eta berehala Wisniewskik berdinketa lortu zuen drop bati esker. Hortik aitzina, pixkana-pixkana, baloiaren jabetza etxeko taldearena izan zen. Baionari defentsan aritzea egokitu zitzaion, eta txapela kentzeko moduko lana egin zuen alor horretan.
Egiari zor, baloia ez zuen ikusi Baionak, eta azken bost minutuak arte berdinketa esku artean izan arren, etorri beharrekoa etorri zen: Racingek bi zigor kolpe izan zituen, eta Mirco Bergamascok aukera baliatu zuen garaipena etxean segurtatzeko. Azken emaitza: 15-9.
Balio handiko puntu bat
Baionak ez du urrun izan Racing liderraren aurka garaipena, baina defentsako puntuarekin konformatu beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu