Saltsa izan zen atzo Gipuzkoako Arraun Txapelketan, gizonezkoen estropadetan, eta saltsa izango da datozen egunetan ere. Hondarribiak, Oriok, San Juanek eta San Pedrok erlojuaren aurka jokatu behar izan zuten azken txanda, bigarren kaleko barruko baliza mugitu egin zelako bigarren txandan. Aurretik, Donostiarra kateatuta geratu zen bigarren ziabogan, eta segundo mordoa galdu zuen. Hirugarren txandari ekin aurretik, ondo jartzen saiatu ziren, baina tarte horretan klubetako ordezkariek erabaki zuten erlojuaren aurka jokatzea azken txanda —ustez lau balizak ondo jarrita, ohiko formatuan ekiteko prest jarri ziren traineruak, baina Orioren baliza atzerago zegoela-eta, erlojuaren aurka aritu ziren azkenean—.
Donostiarrak inpugnatu egin zuen estropada, guztiak baldintza berberetan ez zirelako aritu arraunean. Inpugnazioa aztertuta, Donostiarrari arrazoia eman eta estropada bertan behera uztea erabaki du epaileak. Epaian argitu dute bigarren txanda hasi aurretik itsasoko epaileari jakinarazi ziotela bigarren balizan soka bat zegoela traban, eta bigarren ziabogarako konponduta egongo zela hitz eman zutela. Baina Donostiarra une horretan bertan geratu zen trabatuta, aurrera egin ezinik —hamar-hamabost segundo galdu zituen—. Behin txanda amaituta, itsasoko epaileak barkamena eskatu zion Donostiarrari, gertatutakoa gertatuta estropada balekotzat ezin zuela eman gaineratuta.
Azken txanda erlojuaren aurka jokatu ondoren, inpugnazioa jartzea erabaki zuen Donostiarrak. Klubek bi eguneko tartea izango dute orain epailearen erabakiari helegitea jartzeko.