Miarritzek bosgarren esku-hartzea du Europako Heineken Kopan, eta gaur bigarren finalerdia jokatuko du. Iaz Tolosaren aurka galdu zuen finalera sartzeko aukera (11-19), Bordelen, eta aurrez bi final-laurden ere jokatua denez, finalera sartzeko eskarmentua du. Aitzinean, ordea, Stade Français talde lehiakorra ukanen du. Parisko taldeak seigarren sasoia du 1998an jokatzen hasi zenetik, eta final bat, finalerdi bat eta hiru final-laurden jokatu dituenez, ez du hutsunerik eskarmentu arloan.
Hamargarren Heineken Kopa dago jokoan, eta finala maiatzaren 22an jokatuko da Edinburgoko Murrayfield zelaian. Hara begira ditu jarriak begiak Miarritzek. Lapurtarrek Martin Gaitan argentinarra ukanen dute hutsune bakarra Munsterren aurka final-laurdenetan jokaturiko hamabostekoarekin alderatuta. Bere ordez Guillaume Bousses (23 urte, 1,84 metro eta 86 kilo) ariko da erdian.2001-2002an heldu zen tolosarra Miarritzera. Postuaz jabetzeko kontrario gugorrak ukan ditu: Isaac, Cassin, Stcherbina..., eta, orain, Traille, Gaitan, Lacroix eta Martin-Aranburu ditu. Kasualitateak hala erabakita-edo, Boussesek belauneko lesio larria ukan zuen iazko finalerdia jokatu aitzin Tolosaren aurka, lotailu gurutzatuak hautsi zitzaizkion, eta aurten Gaitani egokitu zaio zoritxarra, baina orain jokatzeko moduan da, eta bikoa egingo du Traillerekin.
Bousses ez zegoen Heineken Kopako hasierako zerrendan
Bousses ez zegoen Heineken Koparako jokalarien zerrendan hasieran, baina final-laurdenak jokatu aitzin sartu egin zuten. Briven ez zen hastapeneko hamabostekoan, larunbatean, baina Gobeleten ordez zelairatu zen 26. minutuan. Bere betiko abiadura lortu duela adierazi du, batez ere, bizpahiru sarrera egin zituelako.
Iaz, min hartuta egon arren, luzatu egin zion kontratoa Martin lehendakariak, baina aurten badirudi Bourgoinek bi urteko proposamen interesgarria egin diola, ez du galdu nahiko aukera. Oraingoz, Miarritzerekin aukera handia dauka, eta baliatu egin behar du. Oraindik ez daki zein ukanen duen kontrario zuzena gaur, baina Liebenberg baldin badu, oso erronka erakargarria ukanen du. Tolosarra ez da hura bezain indartsua, baina indarra, abiadura eta irudimena ongi orekatuak ditu.Egunotan hainbat entrenatzailek eta jokalari ohik eginiko adierazpenetan Miarritzeri ematen diote Staderi baino aukera gehiago finalera sartzeko. Philippe Saint-Andrek (Ingaleterrako Sale taldeko entrenatzailea), esate baterako hauxe dio: «Stadek min hartuta dauden jokalari asko ditu eta Miarritzek jokalari multzo sendoa du, kalitate handiko jokalariak dituela. Gainera, defentsa antolatua du eta diziplina handia erakutsi dute».Dominique Gueraçaguek Miarritzen jokatu zuen 2001-2002 sasoi arte eta egun Baionako entrenatzailea da. 1992ko finaleko finala jokatu zuen Printzeen Parkean, 20 urte zituela. Honela ikusten du aurtengo Miarritze: «Oso antolatuta dihardu taktikoki eta zailak dira geratzeko defentsan. Baloia eskuetan dutela, berriz, ongi gordetzen dute aitzina egiteko. Gainera, alternantzia egokia lortu dute aitzin eta gibeleko jokalarien artean; joko interesgarria darabil».Bidabe eta Marlu nabarmendu ditu lapurtarrak, eta ez zaio iruditzen Miarritzeri horrenbesteko kalte egingo dionik Parisen jokatzeak: «Miarritze ohituta dago estadio handietan jokatzen, eta baita kontrario gotorren aurka ere, Ingalaterrako Wasps eta Leicester dira adibideak».Hariñordoki garaztarra Staderen aitzin multzoari buruz mintzo da: «Staderen ahalmen nagusia da erasoan eta defentsan erraz nahasten dituztela kartak. Gaur egun oso ongi ikasi dute kontrarioaren jokoa irakurtzen baloiak berreskuratu ahal izateko».Olivier Olibeau ariko da Thionekin bigarren lerroan: Stade indartsua da arlo horretan. «Oso gogor jardun beharko dugu baloiak irabazteko, buruz argi ibili beharko dugu eta pazientzia handiz jardun. Waspsen aurka, Aguileran, erabat nagusitu ginelako ustea ukan genuen, baina 3 puntuko aldeaz gailendu ginen. Partida hauetan ez da ona gehiegizko presioa».
ERRUGBIA. EUROPAKO KOPA
Baloia eta pazientzia ukan
Miarritzek Heineken Kopako finalera sartzeko baliabideak dituela erakutsi behar du gaur Parisen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu