Baloiak jira eta bira jarraitzen du

Datorren urtean Polonian eta Ukrainan jokatuko den Eurokopako multzoak zozkatu dituzte

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Europako hamasei selekziok egun bat dute begi artean: 2012ko ekainaren 8a. Egun horretan hasiko da Varsoviako estadio nazionalean Poloniak eta Ukrainak antolatutako Eurokopa. Hiru aste pasatxoko lehia izango da. Dena helburu bat lortzeko: uztailaren 1ean Kieveko Olinpiar Estadioan kopa altxatzeko. Horra iristeko bidea iazko abuztuan hasi zen, 51 selekziok sailkapen ligaxkari ekin ziotenean. 51 selekzio horietatik heren bat baino gutxiago geratzen dira lehian. Eta hamasei horiek atzo izan zuten Eurokopako multzoen berri, Kieven, Arteen Jauregian eginiko zozketan.

A multzoa Distira gutxikoa

Eurokopako multzoen artean distira gutxien duena da, gaur-gaurkoz, Europako selekzio onenen artean tokirik ez duten lau selekzio ariko baitira: Polonia, Errusia, Grezia eta Txekiar Errepublika. Distira falta bai, baina parekotasuna soberan, zaila baita asmatzea zer gerta daitekeen multzo horretan, lau selekzio horiek antzeko maila baitute. Polonia eta Errusia agian koska bat gorago egon daitezke, baina ez nahikoa faboritoak direla esateko.

Sailkapen ligaxkari erreparatuta, errusiarrek eta greziarrek egin dute lanik onena, lehenak izan baitziren euren multzoetan. Hori bai, ez zuten aparteko aurkaririk izan: Errusiak, Irlanda, Armenia, Eslovakia, Mazedonia eta Andorra; eta Greziak, Kroazia, Israel, Letonia, Georgia eta Malta. Txekiar Errepublika, berriz, bigarren aukeran sailkatu zen, ligaxkan bigarren izan baitzen Espainiaren atzetik. Azken kanporaketan Montenegro kanporatuta lortu zuen sartzea. Azkenik, Poloniak ez du sailkapen ligaxkarik jokatu behar izan, Eurokopa antolatu duten bi herrialdeetako bat baita. Beste pribilegio bat ere izango du: Eurokopako estreinako partida jokatuko du, Varsovian, Greziaren aurka.

B multzoa Oilar festa

Txapelketa guztiek izan ohi dute heriotzarena esaten zaion multzo bat. Eta Eurokopa hau ez da salbuespena horretan, kontinente zaharreko selekzio indartsuenetako hiruk egingo baitute bat B multzoan: Herbehereek, Alemaniak eta Portugalek. Ligaxkan gertatutakoa kontuan hartuz gero, herbeheretarrek eta alemaniarrek beharko lukete izan faboritoak. Biak ala biak lehenak izan dira euren multzoetan, nagusitasunez, gainera. Portugaldarrek, berriz, kanporaketa jokatu behar izan zuten —aise gainditu zuten Bosnia—, Danimarkak hartu baitzien aurre sailkapen ligaxkan. Hain zuzen ere, Danimarkarekin egingo dute topo berriro.

C multzoa Txapeldunaren neurrira

Espainiak —Europako eta munduko txapeldunak— ez luke arazorik izan behar ligaxka gainditzeko. Italia izango da haren aurkari nagusia lehen postua lortzeko borrokan. Izan ere, egundoko ezustekorik ezean, espainiarrek eta italiarrek egingo dute aurrera. Ez dirudi Kroazia eta Irlanda haientzat oztopo handiegia izan daitezkeenik. Sailkapen ligaxkan gertatutakoari erreparatu besterik ez dago: Espainia eta Italia zuzenean sailkatu ziren, eta Kroaziak eta Irlandak azken kanporaketa jokatu behar izan zuten.

D multzoa Bi historikorentzat aukera

D multzoan ere bi selekzio historikok egingo dute topo, Ingalaterrak eta Frantziak. Ez bata, ez bestea ez dago unerik gozoenean. Hala ere, ez zuten huts egin sailkapen ligaxkan, eta multzoko lehen postua lortu zuten. Hori bai, kritika bat baino gehiago entzun behar izan zituzten Fabio Capellok eta Laurent Blancek, bigarrenak batez ere. Kritikak kritika, ingelesak eta frantziarrak dira faborito sailkatzeko, Ukraina eta Suedia haiek baino koska bat beherago baitaude. Halere, erne ibili beharko dute. Frantziak badu eskarmentua muturrekoak jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.