Denentzat onuragarria. Denboraldi honetako lehen idatzian, futbolean modu askotara joka daitekeela esan nuen. Talde bakoitzak nahi duen eredua hartzen duela. Baina, nire ustez, talde guztiek honako ezaugarri hau eduki beharko lukete: baloia erabiltzen jakitea. Gordetzea, edukitzea. Joko ez zuzena gutxi-asko menderatzea.
Bi adibide: Larunbatean Athleticek eta duela astebete Realak Mallorcan erakutsi zuten behar-beharrezkoa dela baloia edukitzen jakitea. Partida hasiera txarra egin zuten biek. Reala ez zen gai izan bizpahiru pase jarraian emateko. Baloia azkar galtzen zuen, eta Mallorcak estu hartu zuen lehen minutuetan. Realak ezin zuen atzetik atera. Baloia zuzen erabili izan balu, lerroak aurreratuko zituen. Taldea kokatu egingo zen zelaian. Konfiantza hartuko zuen. Defentsako lana hobetzeko aukera emango zion. Athleticek ere arazo bera izan zuen larunbatean, Valentzian. Lehen zati osoan etxekoen mende egon zen. Aitor Ociok esana partida ondorenean: «Ez ditugu bizpahiru pase jarraian eman lehen zatian». Ondorioz, taldea atzean sartuta gelditu zen. Ezin zuen aurrera egin. Ezinezkoa zitzaion eroso egotea.
Orekan oinarrituz. Baloiarekin joko ez zuzena egiteko aukera bat baino gehiago daude. Teknikan oinarritzen da bat nagusiki, eta taktikan, bestea. Espainiako selekzioa dago lehen multzoan, eta Bartzelona bigarrenean. Taktika esaten dudanean, oreka esan nahi dut. Mikel Etxarrik ederki definitzen du zer den futbola: «Jokoan kontzentrazioa edukitzea, baloiarekin eta baloirik gabe egindako mugimenduekin oreka lortzeko». Mugimenduak taktika dira. Taktika mugimendua da. Joko ez zuzena lantzeko, teknika ere funtsezkoa da, jakina: pase motzak, ez hain motzak, kontrol onak, norabide zuzenean egindakoak eta abar. Espainia ez da oso aberatsa taktikaren aldetik, nire ustez, orekaren printzipioari erreparatzen bazaio, behintzat. Gehiago oinarritzen da teknikan. Bartzelona trebea da taktikan, orekatuak dira jokalarien mugimenduak. Baina teknika ikusgarri ona daukate.
Mugitu beharra dago. Ez dut esan nahi Realak eta Athleticek Espainiak eta Bartzelonak bezala jokatu behar dutenik. Orekaren kontzeptua azaltzeko erabili ditut. Gauzak asko errazten ditu. Defentsan ari den taldeari erasoan prest egoteko balio dio, eta erasoan ari den taldeari defentsan jarduten hasten laguntzen dio. Erasoan defenditu egin behar da, eta defentsan eraso. Horretarako, oreka behar da. Eta oreka lortzeko, mugitu egin behar dute jokalariek, norabide zuzenean. Realari, adibidez, horixe falta zaio. Baloia daukan jokalariari laguntzak eman behar zaizkio, paseak emateko, baina askotan geldirik egoten dira baloia ez dutenak. Hegaletan izaten da mugimendurik, baina zelaiaren erdian apenas. Mugituko balira gehiago, baloia galtzen dutenean, ondo kokatuta egongo lirateke. Eta horrek bi aukera emango lizkioke taldeari: presioa goian egiteko modua eta aurkariaren kontraerasoa saihesteko bidea. Ez al dizkiote kontraeraso asko egiten kontrarioek?
Nola mugitu? Etxarriri ikasi nion ondoko kontzeptua: «Baloia daukan jokalariarengandik gertuen dagoena mugitzen da, eta mugimendu hori urrutiago dagoenak zuzentzen du». Zuzentzea orekatzea da, taldea ez haustea. Gaur egun, oreka gutxi ikusten dut futbolean. Etxarriri berari beste lagun entrenatzaile batek ondokoa esan zion behin: «Futboleko partidak eskoletako jolas garaietako partiden antzekoak dira orain». Reala eta Athletic ez dira aparte egungo bolada horretatik. Alde horretatik, futbolaren aberastasuna galtzen ari da.
Baloiarekin, arnasa; baloirik gabe, ito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu