mikel reina
SASKIBALOIA

Baloiaren balioa

2024ko otsailaren 28a
05:05
Entzun

Saskibaloiak etenik izatea zaila bada ere, saskibaloirik onenaren falta sumatuko dugu. Bueltan dago egungo txapelketarik onena: Euroliga. Espainiako Kopako etenaldiagatik lehenbizi, eta FIBA leihoengatik gero, bi astez ez dugu lehiaketa berdinduenaz gozatu. Azkenean, kopak ez gintuen iaz bezala asebete, eta selekzioen arteko partidek ez dute nahi beste asebetetzen saskibaloi gosea.

Hori bai, kopan ez bezala, ezustekoak egon dira selekzioen arteko partidetan. Ez dira aritu NBAko jokalariak, baina bai, ordea, Euroligako asko. Horrek aldeak ezarri ditu selekzio batzuetan. Harrigarriena, emaitzaz haratago, duen balio sinbolikoagatik, Kubak 52 urteren ostean Estatu Batuak menderatzea izan da: 81-67 irabazi dio Habanan. AEBetako talde horretan ez da aritu ez NBAko, ez Euroligako jokalaririk. Horietan lekua ez dutenek osatu dute taldea. Baina horrek ez dio indarrik kentzen garaipenari. Ezustekotzat jo daiteke azken jardunaldian Argentinak, Espainiak eta Alemaniak galdu izana ere. Larria da Espainiak egindako hanka sartzea, kontuan hartuta Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkapena izango duela jokoan uztailean, Valentzian.

Eragin zuzena

Gutxienez, emakumezkoetan, etenaldia pasatu eta gero, pil-pilean daude txapelketak. Hasi dira Euroligako zein Eurokopako kanporaketak. Ezusteko gutxi egon da horietan. Zortzi kanporaketatik bitan bakarrik irabazi dute kanpoko taldeek. Euroligan, hiru partidatara jokatzen dituzte kanporaketak; Eurokopan, berriz, joaneko eta itzuliko neurketak.

Hain zuzen ere, Euroliga jokatzeko irizpideak aldatu dituzte Espainiako Ohorezko Mailan. Zaragozak iaz etxean kopa irabazi zuen, eta, horregatik, estreinako aldiz ari da Euroliga jokatzen; ondo jokatu ere. Gaur egungo sistema berriarekin, ordea, ezingo luke Euroliga jokatu. Espainiako Federazioaren iritziz, agian, opari handiegia da lau eguneko txapelketa motz bateko txapeldunak hurrengo sasoiko Euroliga jokatzea. Iazko irizpideen arabera, eskubide aldetik, bigarren postua zegoen kopako txapelduna izatea; orain, berriz, laugarren tokira jaitsi dute. Aurretik dago, betiko moduan, ligako txapelduna. Jarraian, berriz, liga erregularreko txapelduna eta ligako txapeldunordea daude.

Horregatik, lehia estua dago lehen postuetan, batez ere, Zaragozaren, Perfumerias Avenidaren eta Valentziaren artean. Atzekoak ere ez dira atzean geratzen, eta Eurokopa jokatu nahi dutenen arteko borroka ere handia da. Ligako kanporaketak jokatzeak Eurokoparako dauden bost tokiak banatzeko balio izaten du normalean. Sei talde daude lau postutarako; tartean, Lointek Gernika eta IDK Euskotren. Badirudi Bartzelonaren aurka galdu eta gero Kutxabank Araskik agur esan diola borroka horri; bi garaipenera dago. Beste sei taldeak garaipen bakarreko tartean daude, eta, horregatik, garaipenek ez ezik, puntu aldeek ere berebiziko balioa izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.