Lau multzotan banatu dituzte taldeak. Bakoitzetik lehen biak sailkatuko dira final-laurdenak jokatzeko. Partida hori jokatzera heldu behar lukete selekzio hauek: A multzoan, Mali eta Aljeria dira faboritoak, baina etxekoak ere aintzat hartu beharko dira. B multzoan, Boli Kosta eta Ghana hautagai sendoak dira, Togo koska pare bat beherago baita. C multzoan, Egiptok eta Nigeriak ez lukete traba handirik eduki behar aurrera egiteko. Azkenik, D multzoan, Kamerun da faboritoa, eta bigarren postua lortzeko lehian ariko dira Gabon eta Tunisia.
Hortik aurrerakoak iragarri eta asmatzea zailagoa da, final-laurdenetan elkarren aurka ari daitezkeelako faborito batzuk. Litekeena da, hortaz, bat edo beste bazterrean gelditzea. Baina txapelketa irabazteko hautagai nagusiak Kamerun eta Boli Kosta dira. Dena den, ezin dira alboratu hauek: Nigeria, Aljeria, Egipto, Ghana eta Mali. Ezuste handirik ezean, sei talde horietako batek irabaziko du txapelketa.
Boli Kostak izar piloa pilatu du taldean. Didier Drogbak (Chelsea) egiten du argi gehien, baina alboan dauzka beste hauek ere: Eboue (Arsenal), Kolo Toure (Manchester City), Yaya Toure (Bartzelona), Zokora (Sevilla) eta Kalou (Chelsea). Jokalarien zerrenda irakurri, eta ikaratzeko modukoa da elefanteak deitzen zaion selekzioa. Hegoafrikako Munduko Kopan faboritoen zerrendan sartzen duenik ere bada. Behin bakarrik irabazi du txapelketa, 1992an, eta 2006an bigarren egin zuen. Kamerunen izar nagusia Samuel Eto'o da (Inter Milan), eta beste lehoi hezikaitz batzuk ere ez dira makalak: Kameni (Espanyol), Geremi (Newcastle), Mbia (Olimpyque Marseilla), Makoun (Olympique Lyon), Alexandre Song (Arsenal), Emana (Betis) eta Webo (Mallorca). 2008an bigarren izan zen, eta lautan irabazi du: 1984an, 1988an 2000an eta 2002an.
Bi indartsuenen azpitik dagoenetako bat Mali da. Frederic Kanoute buru duela (Sevilla), ezin ahaztu Mahamadou Diarra (Real Madril), Seydou Keita (Bartzelona) eta Momo Sissoko (Juventus). Ghana ere kontuan hartzekoa da;jokalari ezagunena eta onena Michael Essien da (Chelsea), baina min hartuta dabil, eta ez dago sasoiko. Han izango da, ordea, eta lehiakorra denez, ondo gidatuko du taldea. Mensah Ghanakoen kapitaina (Udinese), berriz, ez da han izango, min hartuta baitago. Lau aldiz irabazi du txapelketa: 1963an, 1965ean, 1978an eta 1982an. Nigeriak ere eman dezake zeresana, Obi Mikel (Chelsea), Martins (Wolsburgo), Kanu (Portsmouth) eta Yoborekin (Everton). 1980an eta 1994an irabazi zuen txapelketa. Afrikako iparraldekoen artean, Egipto eta Aljeria nabarmentzen dira. Hegoafrikako Munduko Kopara sailkatzeko kanporaketa sutsua jokatu zuten bien artean, eta Aljeria sailkatu zen, Egipto faboritoa bazen ere. Egipton Zidan da jokalari onena (Borussia Dortmund). Sei aldiz irabazi dute lehiaketa Egiptokoek: 1957an, 1959an, 1986an, 1998n, 2006an eta 2008an. Eta inork egin gabekoa egin nahi dute aurten: txapelketa hiru aldiz segidan irabazi. Aljeriak 1990ean irabazi zuen Afrikako Kopa.
Izar berrien erakusleihoa
Aurtengo txapelketak badu berezitasunik. Munduko Koparen atarian jokatuko da. Hamasei selekzioetatik bost ariko dira munduko beste 27 selekzioekin lehian Hegoafrikan: Kamerun, Boli Kosta, Nigeria, Ghana eta Aljeria. Lehiaketan eraginik izan dezakeen edo ez ikusteko dago. Ez da erraza igartzen zertan eragin dezakeen. Izan ere, bost talde horietan inork ez du Munduko Kopa Afrikako Koparen aurretik jarriko lehentasunen artean; ez, behintzat, lehiaketan aukerak dauzkaten bitartean. Akaso, Munduko Kopa akuilu izan daiteke txapelketa ona egiteko. Jokalari batzuek erakutsi nahiko diote beren entrenatzaileari ekaineko txapelketan ere lekua daukatela, eta pizgarria izan daiteke hori. Kontrako aldetik begiratuta, izarretako batzuek burua Munduko Kopan izango al dute? Ez du ematen, baina auskalo. Hegoafrikara sailkatu ez direnentzat ere akuilu izango da, sailkatu ez izanaren harra barrenetik ateratzeko. Egipto sartu behar da multzo horretan.
Zalantza horiek denak txapelketaren ibilian argituko dira. Bestalde, ziurtasunak ere badauzka Angolako lehiaketak: izar berriak argituko dira. Munduko talde askotako ordezkariak bertan izango dira haien ikusmiran. Jokatu aurretik ezin daiteke esan nortzuk nabarmenduko diren izar berrien artean, baina izen hauek aintzat hartzekoak dira: Karim Matmour aljeriar erdilaria(Borussia Monchengladbach), Gervais Yao Kouassi GervinhoBoli Kostako erdilaria (Lille), Majid Bugerra aljeriar erdiko atzelaria (Glasgow Rangers), Cinedu Obasi Nigeriako aurrelaria (Hoffenheim), Jacob Mulenga Zambiako aurrelaria (Utrecht), Moumouni Dagano Burkina Fasoko aurrelaria (Al Khor, Quatar), Elias Pelembe Domingues Mozambikeko erdilaria (Mamelodi Sundowns, Hegoafrika), Jussef Msakni tunisiar aurrelaria (Esperance, Tunisia) eta Cheik Tiote Boli Kostako erdilaria (Twente).
Izar berriak, zaharrak eta izar ez direnak. Denak bilduko dira bihartik aurrera Angolan. Helburua bat eta bakarra: urtarrilaren 31n, Luandako estadioan ospakizun erabatekoa egitea, kopa eskuetan. Egipto alaitu du txapelketak azken bi ekitaldietan. Aurten ere bai? Edo beste herrialde- ren batean izango da festa? Musika joz eta dantza eginez ospatuko dute. Erritmo bizian. Alai-alai. Zelaiko jokoa harmailetan islatuz. Edo alderantziz. Baloiaren dantza hastera doa.
Togoko selekzioaren autobusa tirokatu eta bi jokalari zauritu dituzte
Togoko selekzioa Cabindako egoitzara zeraman autobusa tirokatu egin zuten atzo. Togoko Kirol Ministerioko iturriek adierazi zutenez, «zakurren moduan» tirokatu zituzten. Autobus gidaria hil zen erasoan, eta beste lau lagun zauritu -GSI Pontivy taldeko atezain Kodjovi Obibale eta Vaslui taldeko jokalari Serge Akakpo horien artean-. Jokalariek esan dute ez daudela txapelketari ekiteko moduan. Togok parte hartuko duen zalantzan dago, beraz.Han ere, gola izar
Azken urteetako joerari eutsiz, Afrikako jokalari onenak munduko izarren artean daude. Gehienak izango dira Angolan: Didier Drogba, Samue Eto'o, Frederic Kanoute, Emmanuel Adebayor, Mohamed Zidan eta Michael Essien. Azken hori kenduta, beste guztiak, golegileak.
Didier Drogba
Boli Kosta, 31 urte
Boli Kostako izarra. Argia gainerako jokalarientzat. Oso jokalari indartsua da, eta atzelarientzat amesgaiztoa. Mugikortasun handia dauka, eta azkarra da, gainera. Oso egokia kontraerasoan jokatzeko.Golegilea delako. Bolada onean da. Premier Leagueko golegile onena da sasoi honetan. 14 gol sartu ditu 20 partidatan.
Samuel Eto'o
Kamerun, 28 urte
Kameruneko arima. Lehoi hezikaitzetan hezikaitzena. Oso azkarra da, bizia. Golegilea. Kontraerasoan jokatzeko oso egokia. Area barruan zitala, nahiz eta aukera garbi askoak ere huts egin tarteka. Defentsako lanean ere sekulako ahalegina egiten du. Afrikako Kopako inoizko golegile onena da, 16 golekin.
Frederik Kanoute
Mali, 32 urte
Jokalari osoa. Golegilea, arearen barruan zitala. Baina jokoaren sortzaile ere bai, nahiz eta askotan aurkariaren ateari bizkarra emanez jokatu. Duela urte pare bat Jorge Valdanok esan zuen bezala, «Sevillaren jokoaren antolatzailea». Abilezia berezia dauka baloia babesteko bere gorpuzkera baliatuta.
Emmanuel Adebayor
Togo, 25 urte
Aurrelari kankailua izanagatik, baloia ondo erabiltzen du. Ez da golegile peto-petoa, baina golak sartzen badaki. 2007-2008ko denboraldian jo zuen goia arlo horretan. Arsenalen zela, 30 gol sartu zituen 48 partidatan. Duen gorpuzkeragatik, zaintzeko jokalari zaila da atzelarientzat. Togoko izarra da.
Mohamed Zidan
Egipto, 28 urte
Afrikako Kopa honetako izarren artean ezezagunena da Borussia Dortmundeko jokalaria. Baina aparteko dohain teknikoak ditu buruz buru jokatzeko, batez ere area kanpotik barrurantz egiten duenean. Azkarra izanik, trebetasun berezia dauka halako jokaldiak egiteko. Gainera, golak sartzeko erraztasuna dauka.
Mickael Essien
Boli Kosta, 31 urte
Gaztea da oraindik, baina makina bat urtez dabil onenen pare. Erdilaria, oso-oso indartsua, zelaiaren zati asko betetzen dituzten horietakoa. Baloia ondo erabiltzen du, eta zelai-erditik aurkarien areara iristen ere ona da. Ezizenak ikusita, garbi dago nolako jokalaria den: Bisontea, Bufaloa, Zezena edota Tren-makina.