Ibai Gomez bilbotarra da. Santutxu auzokoa. Beraz, esan gabe doa zer-nolako poza eragiten dion Athleticen jokatzeak. «Ametsa da», aitortu dio 22 urteko jokalariak BERRIAri. Asko erabiltzen duen hitza da ametsa. Une gozoak bizitzen ari den seinale. Baina oraindik asko dauka erakusteko. Gorengo mailari bakarrik begiratzen diotenek ez dute ondo ezagutzen. Ez dute asko ikusi. Baina beheko mailak gertuagotik ezagutzen dituztenek badakite zer egiteko gai den. Hegaleko erasokorra da. Talentua dauka. Bai hankageldian, baita baloia jokoan dagoenean ere. Ametsekin jarraituz, elastiko zuri-gorriarekin lehen gola sartzeko irrikaz dago. Helburua lortzen duenean, faltan sumatzen duen amamari eskainiko dio.
Aspaldiko partez ez du neurketarik jokatuko Athleticek aste barruan. Atseden apur bat hartzeko une aproposa izan zitekeen, baina kontua da bederatzi jokalarik hainbat selekziorekin jokatu beharko dutela. Ez da derbia prestatzeko era egokiena, baina Athletic ondo ari dela erakusten du.
Talde gisa ondo ari garela erakusten du horrek. Bederatzi jokalari horiek oso garrantzitsuak dira. Merezitako saria lortu dute.
Martxoan sartzear gaude, eta Athleticek bizirik jarraitzen du hiru lehiaketetan. Nork esan hori denboraldia nola hasi zen ikusita.
Udan aldaketa handiak egon ziren klubean. Jokatzeko era ikaragarri aldatu zen. Aldaketak barneratzen hasi ginen heinean lehiaketa erritmoa hartu genuen, eta ordutik egin dugun lanaren isla baino ez da orain arte eskuratu ditugun emaitzak.
Jokalariek neke fisikoa eta psikologikoa izan dezakezuela esan eta esan ari dira. Indar faltan zaudete?
Hiru lehiaketak erakargarriak dira, eta gauzak ondo ateratzen direnean ahaztu egiten dira nekeak. Inguru guztiak aipatzen du nekea nabarituko dugula, baina zelaian ari gara erakusten taldea oso ondo dagoela. Nekeak etxean utzi eta ondo lehiatzea da guk buruan daukagun gauza bakarra.
Zein da Athleticen sekretua?
Gauzak argi izatea. Jokatzeko era bat daukagu, eta sekula ez diogu uko egiten egun daukagun filosofiari: baloiaren jabetza, aurrean estutzea, eta jokalari askorekin erasotzea dira gure jokoaren oinarriak.
Beraz, Marcelo Bielsa da Athleticen arrakastaren giltza nagusia.
Arrakastaren errudun ia bakarra dela esango nuke. Berak ezarri du egun daukagun jokatzeko era. Hala ere, ez da ahaztu behar Bielsa etorri aurretik zeudenek egin zuten ekarpena.
Hamar egun barru Old Trafforden jokatuko duzue; maiatzean, berriz,Kopa irabazteko aukera izango duzue. Jakinaren gainean egongo zara Athleticekin horiek lortzea oso dela gaitza, ezta?
Ikaragarria da bizitzen ari garena. Ametsa da Kopako final bat jokatzea. Manchester Uniteden kontrako kanporaketak ez duela beste edozein kanporaketarekin zerikusirik izango ere begi bistakoa da. Lan ona egiten ahaleginduko gara.
Horren aurretik euskal derbia jokatu beharko duzue. Beharbada, ez dauka Kopako eta Europako Ligako lehien garrantzia, baina Reala mendean hartzea beti da gustagarria.
Bai. Egun igandekoa da neurketarik garrantzitsuena. Sailkapenaren goiko postuetan jarraitzeko emaitza onak lortzen jarraitu behar dugu. Reala aurkari gogorra izango da, baina etxean jokatzen dugu, eta irabazi beharra daukagu.
Realak asko sufritu du azken denboraldiotan, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla talde txuri-urdinean. Talde lehiakorra osatzen ari dela dirudi.
Nire ustez, Realak oso talde ona dauka. Gainera, orain bolada onean dago. Hala ere, guk gurea egiten badugu irabazi egingo dugula uste dut.
Illarramendi, Pardo, Iñigo Martinez eta Realaren zeresana ematen ari diren gainerako gazteak ondo ezagutzen dituzu zuk beheko mailetatik. Horren onak al dira?
Niretzat, oso onak dira. Kalitatea dute, eta dohain onak. Reala lan ona egiten ari da, eta eurak protagonismo handia dute taldean. Martinez eta Ilarramendi pisua ari dira hartzen, eta Pardo sartzen hasi da. Nik Reala B-tik ezagutzen dut, eta, bai, talentua dauka.
Realetik zein da gustukoen duzun futbolaria?
Niretzat, ingurukoek egiten dute ona jokalari bat. Messi bikaina da, baina inguruan dituen Xavik, Iniestak eta enparauek asko laguntzen diote bere onena eman dezan. Jokalari horiek inguruan ez balitu, ez zen horren ona izango. Bada, beste maila batean antzeko gauzak gertatzen dira gure artean.
Zein eratako derbia espero duzu?
Baloiaren jabetza gura duten talde biren arteko lehia izango da.
Jokatzeko gogoz egongo zara. Derbiak beti derbi.
Oso partida politak dira. Lehen aipatu dut amets asko ari naizela egia bihurtzen Athleticeko elastikoa janzten dudanetik. Bada, derbia jokatzea ere ederra da oso. Bai San Mamesen, bai Anoetan, sarri egon naiz harmailetan neurketa horietaz gozatzen. Pentsa zer izango zen niretzat parte hartzea. Hala ere, badakit oso zaila dela taldean sartzea.
Gustura zaude orain arte izan dituzun aukerekin?
Gustura nago. Nik jokatzen dudan postuan futbolari bikainak daude. Oso zaila da lagun horiei aurrea hartzea. Beraz, ez daukat kexatzeko arrazoirik.
Bigarren B Maila txiki geratzen zaizula ikusi da. Baina zer falta zaizu, zertan hobetu behar duzu onenekin gehiago jokatzeko?
Ez dakit zer esan. Ez da erraza jokatzea: Muniain, Susaeta, Gabilondo, David Lopez… futbolari bikainekin daukat lehiatu beharra. Pazientzia eta lana uztartu eta postu bat lortzea da nire ametsa.
Amets horretara bidean laster egingo duzu beste urrats bat. Ligan minutu batez jokatzen baldin baduzu, bi urterako luzatuko dizute kontratua.
Derbian parte hartu eta, ondorioz, kontratua berritzea baino gauza hoberik ez dago.
Ibai Gomez. Athleticeko jokalaria
«Baloiaren jabetza gura duten talde biren arteko lehia izango da derbia»
Reala bolada «onean» ikusten duen arren, argi du San Mamesen jokatuta ezin diotela garaipenari ihes egiten laga. Derbian minutu bakar batez jokatzen badu, bi urterako luzatuko diote kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu