Baloiaren zain dago oraindik

Aurrera Gasteizen, Athleticen eta Valentzian jokatu ondoren, Realeko jokalaria da egun Manuela Lareo. Joan den igandean hiru gol sartu zituen Albaceteren zelaian.

Manuela Lareo, Realeko aurrelaria, atzo, Zubietan, entrenamendu saioa hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ziurtasunik eta helburu jakinik gabe ekin genion denboraldiari». Realak aldaketa asko izan zuelako joan den udan. «Baina noraino hel gaitezkeen ikusi nahi dugu orain». Laugarren postuan daude, oraingoz, txuri-urdinak, eta Manuela Lareok (Gasteiz, 1992) dezenteko pisua izan zuen azken garaipenean, hiru gol sartu zituelako Albaceten, 0-6ko garaipenean. «Baloia lortu nahian nabil oraindik, taldekideek sinatu eta oroitzapen gisa gordetzeko». Ez da hiru gol sartu dituen lehen aldia. «Athleticekin ere lortu nuen bi aldiz». Eta azkena ez izatea espero du aurrelariak.

«Valentziako abentura» amaitu eta Realarekin bi urterako kontratua sinatuta, «emandako konfiantza zelaian itzultzea» da gasteiztarraren helburua. Aurrera Gasteizen hasi zen ostikoka, lau denboraldi igaro zituen gero Athleticen (2010-2014), Valentziak fitxatu zuen ondoren (2014-2015), eta joan den udan iritsi zen Realera. «Asko gustatu zitzaidan proiektua, eurena zen eskaintzarik erakargarriena, eta ez nuen bi aldiz pentsatu». «Erronka zalea» dela argitu du gasteiztarrak, eta asko gustatu zaio Zubietan aurkitu duena: «Gaztetasuna, motibazioa eta hobetzen jarraitzeko gogoa. Gosea eta grina nabari zaie jokalariei». Norberak «gehiago» jokatu nahi izaten du beti, noski, baina «taldera egokitzen eta entrenatzaileari lanak ematen» saiatzen ari da arabarra. «Nire aldeko apustua egin dezakeela erakusteko».

Realeko jokalari bat goratu du besteen gainetik. «Nahikari Garciari buruz hitz egiten dute denek, eta, egia esan, ohorea da harekin entrenatu eta jokatu ahal izatea». Lareo ziur dago urnietarrak «etorkizun oparoa» daukala zain. Hori bai, gainerakoen kalitatea ere azpimarratu du arabarrak. «Bakoitzak ekarpen zehatz bat egiten dio taldeari, eta multzo indartsua osatu dugu».

Horren harira, Igor San Miguelen [entrenatzailea] ekarpena «oso garrantzitsua» izan dela uste du Lareok. «Motibatzaile petoa da. Jokalarion gainean egoten da 90 minutuetan, eta ezinezkoa da erlaxatzea». Lareoren hitzetan, taldeak behar zuen, «agian», intentsitate hori. «Kontzentrazioari eusteko eta bidean punturik ez galtzeko. Entrenatzailea perfekzioaren bila ibiltzen da beti, eta oso kutsagarria da haren jarrera».

Gasteiztarrak etorkizunean «gustura» ikusiko luke Alavesen emakumezkoen taldea Lehen Mailara igo nahian. «Saiatu zirela uste dut, baina bere horretan geratu zen saiakera». Aurrera Gasteizek «lan ona» egiten duela azpimarratu du. «Gogoan daukat garai hartan igotzeko borrokan ibili ginela, baina, tira, etorkizuneko kontuak dira horiek... izatekotan». Emakumezkoen futbolak Bizkaian eta Gipuzkoan «beste indar bat» daukala onartu du Lareok. «Hor daude Athletic eta Reala; Oiartzun ere Lehen Mailan ari da orain...».

Urrutira begira egotea baino nahiago du, hala ere, egunean egunekoari heltzea. «Joan nintzen Athleticera, joan nintzen Valentziara, Realean nago orain... Ezin da jakin etorkizunean zer gertatuko den. Oraingoz, oso gustura nago hemen, eta bi urterako kontratua daukat». Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua egiten ari da, eta Donostian bertan bizi da. «Laugarren mailan nago, eta hurrengo urtean amaitzea espero dut».

12 zenbakia, ikur bihurtuta

Ligan egurrean jarraitzeko prest dago Lareo. «Eta Kopan ea lortzen dudan azken urteotako arantzak ateratzea». Izan ere, bai Athleticekin eta bai Valentziarekin bi final galdutakoa da gasteiztarra. «Ez dakit zer gertatzen zaidan lehiaketa horrekin!». 12 zenbakia bizkarrean duela, «gozatzen jarraitzeko irrikan» dago Realeko aurrelaria. «9a, 10a, 7a... Zenbaki horiek nahi izaten dituzte jokalari guztiek. Gazteagoa nintzenean maila altuagoko jokalariak izaten nituenez ondoan, beste zenbaki batzuen bila joan behar izaten nuen beti».

Onentsuenak ezin aukeratu, eta 12ari heldu zion hasieratik, zaleena izan ohi den zenbakiari. «Gustukoa nuen, zortea eman dit, eta nire ikurra bihurtu da azkenean». 12 zenbakiarekin sartu zituen igandean hiru gol, eta 12 zenbakiarekin saiatuko da Reala are talde sendoagoa bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.