Marko Banic pibotak (Kroazia, 27 urte) Gescrap Bizkaia uztea erabaki du, Bilboko taldean azkeneko zazpi urteetan jokatu ostean. Egun hura zen kapitaina, gainera. "Eskerrik asko, beti zuekin egongo naiz", esan du Banicek prentsaurrekoan irakurri duen idatziaren bukaeran.
"Hau izan da nire bizitzako erabakirik gogorrena. Helburu eta motibazio berrien bila noa orain, nire ibilbidean aurrerapauso bat emateko", adierazi du. Ez du jakinarazi non ariko den. Bilbon titulurik ez duela irabazi gogoratu du, "beste xede denak lortu" dituela esan arren.
Denboraldirik gustukoena oraingo hau izan omen du, Euroliga jokatzeagatik. Okerrena, Txus Bidorreta entrenatzaileak taldea utzi zuenekoa.
Jokalari eta pertsona legez hazten laguntzeagatik eskerrak eman ditu Banicek.
Zuzendaritzak haren konpromisoa goretsi du.