Barakaldon erabakiko da txapeldun berria

Igandean jokatuko dituzte lau eta erdiko Emakume Master Cup Txapelketaren finalak. Lehenbizikoz, pilota mistoa ere erabili dute txapelketan.

2019-12-01, Galdakao. Pilota, Emakune Master Cupeko finalerdiak, Pilota Mixtoan. JUANAN RUIZ
2019ko abenduaren 10a
18:21
Entzun

Barakaldoko udal frontoian jokatuko dira igandean Emakume Master Cup Txapelketako finalak. Pilota bigunarekin Patri Espinar eta Leire Etxaniz ariko dira, nor baino nor gehiago. Espinar iazko irabazlea da, baina Etxanizek, aurreko txapelketan txarto ibili zen arren, lau txapel jantzi ditu azken hiru urteetan. Biak dira ezagunak emakumeen eskuzko txapelketetan, eta biak txapela irabazteko asmoz arituko dira igandean. Etxanizen arabera, aurkari gogorra da Espinar, eta bosgarren aldiz txapela irabaztea gustatuko litzaioke: «Nire helburua partida luzatzea izango da; badakit fisikoki oso ondo nagoela, eta hori da nire punturik gogorrena».

Pilota mistoaren erabilera berrikuntza bat da aurtengo txapelketan, eta elkarren aurka jokatuko dute Miren Larrartek eta Miriam Arrillagak. Gipuzkoakoak dira biak, 16 eta 17 urtekoak, eta lehenengo urtea da mistoarekin saiatzen direla. Eskuz binakako txapeldunordea da Arrillaga, eta bere aurkariarekin entrenatzeak gauza onak eta txarrak dituela azaldu du: «batera entrenatzen dugu, eta asko ezagutzen dugu elkar, baina finaleko partidak beti izaten dira diferenteak». Larrartek azaldu du ez dauzkadala eskuak guztiz ondo, baina berreskuratzeko denbora eduki du, eta entrenamenduetan indartsu ikusi du bere burua.

Hirugarren urtea da Emakume Master Cup txapelketa antolatzen dutela, eta emaitzak onak izan direla azaldu dute. Pilotariak gero eta maila hobea dute, eta, gazteen ustez, etorkizuna pilota mistoarekin jokatzea izango da. «Prozesu bat beharko dugu pilota aldaketa behar bezala eta lesio barik egiteko», azaldu du Espinarrek, baina ez du ukatu noizbait pilota mistoarekin jokatuko duela.

Finala Barakaldoko udal frontoian jokatuko da, 12:00etan, eta sartzea doan izango da. Aurretik umeen erakusketa partidak egongo dira. ETB1ek zuzeneko emango ditu bi finalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.