Euskal txirrindulariek inoiz baino gertuago izan dute garaipena Espainiako Vueltako hamahirugarren etapan, lau sartu direlako hamar laguneko ihesaldian. Baina Xabi Zandio (Sky), Beñat Intxausti (Movistar), Amets Txurruka (Caja Rural) eta Egoi Martinez (Euskaltel) ez dira izan gai etapa guztiko lan onari errematea emateko. Castelldefelsen amaitu da etapa, eta gorako joera zeukaten azken metroek. Horren jakitun, eta tropelaren baimenarekin, etapa garaipenerako borrokan murgildu dira aurrekoak, eta Warren Barguil izan da indartsuena, buruz eta fisikoki. Intxausti geratu da lehenengo jokoz kanpo, kilometro gutxi falta zirela lurrera erori denean, eta Martinez, Txurruka eta Zandio ere Barguilen erasoari erantzun ezinik geratu dira gero. Faboritoen artean izan da zalaparta pixka bat Rat Penat lehen mailako mendatean, baina elkarrekin helmugaratu dira denak.
Baga herrian hasi eta Collada de la Gallina lehen mailakoan amaitu, 155,7 kilometro dauzka gaurko etapak. Envalira maila berezikoa eta Ordino eta Comella bigarren mailakoak igoko dituzte azken aldapari ekin aurretik.