Caja Laboral Baskonia. Huertas (12), Oleson (9), San Emeterio (13), Teletovic (7), Barac (11) —hasierako boskotea— Rivas (8), Logan (14) eta Batista (7).
Cajasol. Calloway (4), Urtasun (4), Kirksay (3), Ivanov (2), Davis (17) —hasierako boskotea—Satoranski (6), Katelinas (3), Sastre (5), Cabanas (2), Triguero (11).
Markagailua. 23-13, 39-28 (atsedenaldian); 64-44 eta 81-57.
Epaileak. Artaga, Guirao eta Cardus.
Bestelakoak. 8.900 ikusle inguru Buesa Arena pabiloian.
Hobea izan zitekeen, baina ez zen txarra izan. Baskoniak ikaragarri hobetu zuen bere itxura Fuenlabradako ikuskizun penagarriaren ondoren, eta 16. garaipenalortu zuen ACB ligan, hirugarren postua lortzeko borrokan mantenduz. Ez zen zaila pasa den larunbatekoa hobetzea, baina bistakoa zen zaleek hobekuntza handia eskatuko zutela, eta halaxe izan zen. Defentsan, batez ere. Hamahiru puntura mugatu zuen Cajasolen erasoko jarduna lehen laurdenean, hamabost puntura bigarrenean. Andaluziakoek puntu bat gehiago lortu zuten hirugarrenean, eta laugarrenean ere asko estutu zuten arabarrek: hamahiru puntu baino ez.
Batuketak kopuru argigarria uzten du: 57 puntu bakarrik saskiratu zituen Joan Plazaren taldeak, eta halakoetan, Baskoniak garaipena lortzea ohikoena da, Ivanovicen taldeak batere arazorik gabe gainditzen dituelako 75 puntuak partida gehientsuenetan. Atzokoan ere bai, 81 punturaino joan ziren arabarrak, eta boladaka jokatu bazuten ere, zentzu onez aritu ziren ia beti, aukera onena bilatuz eta presarik gabe.
Hemezortzi baloi galdu bazituzten ere. Kopuru txar horretako balantzaren bestaldean emandako hamalau asistentziak jarri behar dira, eta hartutako errebote zakua. 43 denera, horietatik 17 erasoan, eta Cajasolen bikoitza. Horrek Sevillakoak jaurtiketan trakets aritu zirela adierazten du, defentsa ona izan zelako, eta erreboteak hartzeko orduan ondo aritu zela Baskonia. Balorazioaren kopuruak ere ez du zalantzarako tarterik uzten. Nagusi izan zen Baskonia, 99 punturekin. Cajasolena eskasa izan zen: 40. Davisek bakarrik eman zuen neurria.
Etxeko taldeak hasieratik ahalegin berezia egitea espero zen, haserre samar zeuden zaleak pozteko, eta hala izan zen. 8-0 partzialarekin hasi zuen partida, eta Cajasoli hainbat oztopo jarri defentsan. San Emeterio hobeto aritu zen, baina denak aritu ziren txukun: Huertas gidaritzan, Barac saskipean, Teletovic pazientzia handiarekin, Oleson defentsan sufritzen... Bigarren laurdenean bakarrik sufritu zuen Baskoniak apur bat. Erabaki oker batzuk eta Cajasolen defentsa hobeak hiru puntura hurbildu zuten Sevillako taldea, baina hortxe bukatu zen haien indarra. Bigarren zati bukaeran eta hirugarrenean 17-0ko partziala lortu zuen Baskoniak, eta partida hautsi: 48-28. 25. minutua zen, eta azken ordu laurdena luzimendurako izan zen.
Caja Laboral Baskonia 81. Cajasol 57
Barkamena irabazi dute
Baskoniak erraz irabazi dio Cajasoli, eta indarra hartu Euroligari begira, 57 puntura mugatu baitu andaluziarren jarduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu