«Hagitz ongi gaude, baina orain arteko lanak ez du deustarako balioko gelditzen diren partidetan huts egiten badugu». Andrea Barnorenak dira hitzak, Itxakoko kapitainarenak. Eta Txapeldunen Ligaz ari da. B multzoko buru da Lizarrako taldea une honetan, Alemaniako Leipzigekin batera, launa punturekin, Austriako Hypo eta Hungariako Korvex mendean hartu eta gero. Azaroaren 6a bitarte atseden hartzeko aukera dute nafarrek Europan, eta eskertu du kapitainak. «Bidaiak dira okerrena».
Lanak eragindako nekea, hala ere, ez da hain astuna Barnorentzat. Gozatzen du eskubaloiarekin, eta agerian uzten du pistara ateratzen den bakoitzean. Oraingo unea ere gozatzen ari da, denboraldia luzea dela ahaztu gabe. Porrot batekin hasi zuen Txapeldunen Liga Itxakok, eta Barnok onartu du oraindik ere buruan duela norgehiagoka hori. Alemaniarren aurka galdu zuen Itxakok lehen ligaxkako aurreneko partida, baina, geroztik, gauzak anitz aldatu dira nafarrentzat. «Gehiago nahi dugu», erran du Barnok, baina argi utzi du taldeak lurrean dituela oinak. «Oraindik ez dugu deus lortu. Partidaz partida egin behar dugu aurrera, egun txar batek dena izorratzen ahal duelako».
Txapeldunen Ligan B multzoko buru, eta ABF Ligan ere, lider. Itxakok ezin hobeki hasi du denboraldia. Talde sendoa osatu du Ambros Martin entrenatzaileak, eta sumatzen da pistan. Pistatik kanpo ere bai. «Esperientzia handiko jokalariak etorri dira, eta nabaria da taldea oraindik gorago eramateko duten gogoa eta grina. Borrokarako gogo hori taldekideen artean zabaltzen asmatu dute», erran du Barnok.
Hori baino gehiago eman diote jokalari berriek Itxakori. «Talde orekatua lortu dugu. Golak egiten dituen jokalari bat edo bi ekartzeak ez du zentzurik defentsan huts egiten baduzu. Guri ez zaigu horrelakorik gertatu».
Konfiantzaz betetako taldea da oraingo Itxako. «Indartsu gaude, eta gogoz. Horrek on egiten digu, eta pistan disfrutatzea lortzen dugu. Egia da hainbat partida sufrituta irabazi dugula, baina lan ona eginda sufritu dugu, eta hori gauza handia da».
Esperientzia baliatu
Aurreko sasoian aritu zen Itxako lehendabizikoz Txapeldunen Ligan. Multzo zaila egokitu zitzaien nafarrei, eta, gainera, sumatu zitzaien Europako txapelketa nagusian estreinakoz ari zirela. Presioari aurre egiten ez zuten asmatu hainbat partidatan. Hala ere, nafarren aurkariek gogor egin behar izan zuten lan irabazteko.
Esperientzia hori baliagarri izan zaio taldeari, Barnoren hitzetan. «Errespetua diegu aurkariei, baina beldurrik ez. Inori ez diogu beldurrik. Lan egin nahi dugu, urrats bat aurrera egin taldearekin».
Bihar Castroren pistan ariko da Itxako, eta azaroaren 3an Murtzia hartuko du. Azaroaren 6an, Hyporen aurka jokatuko dute nafarrek Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako laugarren partida. Bolada onari segida eman nahi diote.
Barno: «Hagitz ongi gaude, baina oraindik ez dugu deus lortu»
Itxakoko kapitaina gozatzen ari da taldearen jokoarekin; Europan multzoko buru da, eta Ligan ere lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu