Barrichellok 'pole'-a lortu du, azkenean

Lehenengo postutik irtengo da gaur Italiako Sari Nagusian, Monzako zirkuitu azkarrean

Laurentzi Garmendia
2004ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Urteko bigarren pole positon-a lortu zuen atzo Ferrari etxeko Rubens Barrichello gidariak Italiako Sari Nagusirako sailkatze saioan, Monzan. Inoiz 1 Formulan sailkatzeetan egin den itzulirik azkarrena izan da, orduko 260,395 kilometrora. Aise lortu zuen brasildarrak lehen postua, hurrengoak segundo erdira utzita. Baina gainerakoen artean aldeak oso estuak dira.

Monza da urteko zirkuiturik azkarrena, eta egutegian gelditzen den bakarra ezaugarri horrekin. Poliki-poliki horren abiadura altuko zirkuituak kendu edota eraldatu egin dituzte, segurtasun arazoak saihesteko. Atzo puntako abiadura 360 km/h-koa izan zen gehienentzat, eta Minardi autoek ere, mantsoenek, erraz gainditu zituzten 350ak. Abiadura horretan ehun metro korritzen dira segundoko, eta edozein istripu larria izan daiteke. Schumacherrek aurreko astean pneumatiko leherketa pairatu zuen helmuga zuzengunean, eta ondorioz pista alboan etzanda geratu zen minutu batzuetan, kolpeaz osatzeko.Zirkuituak zuzenguneak ditu nagusiki, eta bihurgune azkarrak. Duela urte asko Autodromo Nazionale di Monza zirkuitu obalatua zen, une oro azeleragailua zapalduta eramateko modukoa. Ondoren, gaur egungo zirkuituaren oinarri dena erabili zuten, baina abiadura beldurgarria mantenduz. Duela hamabost bat urte, txikaneak txertatu zizkioten, eta, urtero aldaketa txikiak sartu badituzte ere, ez du parekorik egungo egutegian.Horregatik, atzoko sailkapenak autoen potentzia mailak sailkatzeko balio dezake. Erregai kopuruak eta aerodinamikak eragina badute ere, oker handiegirik egin gabe esan daiteke Ferrari, BMW eta Honda direla bultzada gehien duten motorrak gaur egun. Alonso hirugarren sailkatu bazen ere, gehienetan erregai gutxirekin irteten da, eta oraingoan ere hala gerta daiteke. Izen handi horien artean Mercedes falta da, oraindik eregainerakoen mailara iritsi ez dena.Monzan motorrek zeresan handia dutenez, auto baten eta bestearen artean dauden txasi diferentziak bigarren mailan geratzen dira. Horrek argitzen du dauden alde txikiak. Barrichello erregela hori pixka bat hausten duen gidaria da, baina Montoya bigarrenarengandik hamargarrenarengana, Coulthardengana, segundo erdi baino gutxiagoko aldea dago. Horrek lehia estua ziurtatzen du.Aurreraketak ere errazagoak dira Monzan beste zirkuituetan baino. Parekotasun horrek auto askoko tropelak sortzeaz gain, autoek daramaten karga aerodinamiko baxuek balaztatze distantzia luzatu egiten dute, eta gidariak lan egin behar du autoa desegonkorra delako maniobra horretan. Ondorioz, hutsak ohikoagoak dira, eta pista irteerak ere bai. Ez du esan nahi aurreraketa asko ikusiko denik, baina alde handiak ateratzea zail izango da, eta edozein hutsek lasterketa goitik behera alda dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.