Pilota

Barriola ez dute aukeratu binakako txapelketarako

2007ko urtarrilaren 2a
18:37
Entzun
Gaur aurkeztu dute pilotako binakako txapelketa, ezuste handi batekin: Abel Barriola ez du aukeratu bere enpresak —Aspek— eta ez du jokatuko, beraz. Arrazoia teknikoa da, fisikoki ondo dagoelako pilotaria. Harrituta geratu da Barriola. "Ez nuen espero kanpoan geratzerik. Kirol arrazoia da, erabakia ez zegoen nire eskuetan eta, hortaz, ez diot bueltarik ematen", esan du ETB1en. "Ilusioa" zeukan txapelketa jokatzeko.

Zaila da ulertzen erabakia, Barriola lau t'erdiko txapeldunorde geratu zelako oraintxe dela gutxi (21-22 galdu zuen Juan Martinez Irujoren kontra). "Ez dut uste erabakiaren atzean ezer dagoenik eta Asperekin kontratua berrituko dudala espero dut".

Binakako txapelketa ostiralean hasiko da, Tolosan. Zortzi bikote ariko dira: lau Asegarcekoak, lau Aspekoak, bi multzotan banatuta. A Multzoan ariko direnak: Olaizola Ia.-Beloki, Gonzalez-Pascual, Titín III.a-Lasa III.a eta Bengoetxea VI.a-Patxi Ruiz. B-n: Irujo-Goñi III.a, Olaizola II.a (lehen partidan Kokak jokatuko du)-Otxandorena, Chafee (Xala osatu arte)-Eulate eta Leiza-Zearra. Hasieran ligaxka jokatuko dute. Lehen partida: Olaizola I.a-Beloki, Gonzalez-Pascual. Finala noiz izango den ez dago erabakita, baina martxoaren 18a eta 25 bitartean izango da.

Iaz Irujok eta Martinez Eulatek irabazi zuten baina aurten ez dira batera ariko, Aspe enpresaren erabakiz. Fernando Goñirekin jokatuko du Irujok eta Chafeerekin Eulatek. Hain zuzen, Xalaren ordezkoa izango da Chafee; min hartuta dago Xala eta osatzen denean hasiko da txapelketa jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.