Susto gozoak urriak izaten dira. Bi adierak kontraesangarriak dira gehienetan, eta kirolean, ia beti. Abel Barriolak susto galanta hartu zuen herenegun Gasteizen. Irujoren aurka mina sumatu zuen ezkerreko izterrondoan. Partida ondo bukatu zuen, baina zalantzak zituen bueltaka buruan. Atzo, ordea, lasai hartu zuen arnasa. Barriolak hogeita lau ordu behar izan zituen igandeko balentria behar bezala gozatzeko. Urrutia medikuak mina ez zela larria esan zion arte.
Leitzarrak partidan ez zuen oinaze handirik sumatu. Berotan, baina, giharrek gutxiago sufritzen dute, eta zaila da minaren larritasuna aztertzea. Are zailagoa aldagelan estu lotu ziotela kontuan hartuta. Izan zitzakeen zalantza guztiak atzo uxatu zituen, Txema Urrutia medikuaren kontsultan. Pilotaria lasai zegoen atzo goizean, ez zuelako minik nabaritzen, eta erresonantziak bere usteak berretsi zituen. Barriolak izterrondoa handituta du, baina lasai egon daiteke, erabat sendatzeko bi aste baititu oraindik.
Barriola eta Eugi iragarpenak hautsiz sailkatu dira finalerdirako, eta Eibarko Astelenan neurtuko dituzte indarrak. Hasiera batean Irujo eta Barriolaren artekoa zen jokatzekoa hor, baina sorturiko ikusmina ikusita Aspek pilotaleku handiago baten alde jo zuen. Beraz, badirudi finalerdietan itzuliko dela pilota Katedralera. Eibarko Udala hasi da konponketa lanak egiten, eta bi aste barru dena prest egongo da.
Eugik eta Barriolak antzerako txapelketa egin dute. Batek lau partida jokatu ditu, besteak, aldiz, bi, baina ustekabean sailkatu dira biak. Barriolak zaleak aho bete hortz utzi zituen herenegun Gasteizen. Irujo txapeldunaren aurka sendo agertu zen, eta Iberokoak bere ibilbideko buruz buruko bigarren partida galdu zuen. Eugik ere ezustea eman zuen Labriten. Bere burua ondo ikusten zuela zioen, eta kantxan berretsi egin zuen. Duela hamabost egun buruz buru parte hartuko zuen azken aldia izan zitekeela zabaldu zen. Hurrengo urtean, baina, zerrendaburu izango da, eta txapelduna izandakoak berriz hartuko du parte.
Urteak ziren Eugi eta Barriola ez zirela buruz buruko finalerdietara iristen. Barriolak 2003an jokatu zituen finalerdiak azkenekoz, Eugik, berriz, 2004an sailkatu zen. Urte horretan Barriola kanporatu zuen final-laurdenetan (22-4), Tolosan. Leitzarrak arazo fisikoekin jokatu zuen partida hura. Bi txapeldun ohiek elkarren aurka buruz buru jokatu duten bakarra.
60 EURO RUIZ ETA OLAIZOLA IKUSTEKO. Finalerdietan pentsatzen hasi aurretik, lehenbizi hurrengo asteburuko partidak jokatu behar dira. Asegarcek, Asperen esku utzi zuen Olaizola II.a eta Ruizen arteko partida, eta Eibarko enpresak pagotxa topatu zuen. Sarreren salneurriak erabakita daude, eta kantxako sarrerak 60 euro balioko du, Irujo eta Barriolaren arteko partidarako bezala. Beste sarrera guztiak, berriz, 25 eurotan izango dira. Salmenta martxa onean doa, eta litekeena da pilotalekua betetzea. Olaizola II.a atzo entrenatu zuen Bergaran.
Ez zen atzo goizuetarra izan lan saioa egin zuen bakarra. Gonzalezek eta Bengoetxeak topo egin zuten atzo Zarautzen. Gonzalezek entrenatu zen lehenbizi, Arizmendirekin. Bengoetxea gero aritu zen, Salva Bergararen begiradapean. Biak bihar bueltatuko dira, pilotak aukeratzeko (12:00).
Bestalde, Tolosan atzo jokaturiko jaialdian, Aitor Zubietak Asier Arrutiren aurka irabazi zuen Bigarren Mailako buruz burukoaren partidan (22-20). Zubietak Xabier Galarzaren aurka jokatuko du igandean, Bergaran, txapelketako final-laurdenetan.
Barriolaren sustorik gozoena
Leitzako atzelariak ez du zuntz hausturarik, eta Eugiren aurka jokatu ahal izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu