Bartzelonak beste erakustaldi bat eman zuen atzo. Nou Campeko eliztiarrek ligako gazi-gozoak ahazteko moduko festa bizi izan zuten. Iazko txapeldunak 7-1 irabazi zion Bayer Leverkuseni eta bosgarren ustez jarraian lortu zuen Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartela.
Nou Campek izen bat aho batez abestu zuen: Lionel Messi. Aurrelari argentinarra munduko jokalari onena da, eta azken egunetan entzuniko kritikak kolpetik isilarazi nahi zituela zirudien. Inspirazioa lagun, Bayer hankaz gora utzi zuen. Egia da ere Leverkuseneko taldea burumakur zelairatu zela, joaneko 1-3koari buelta ematea ia ezinezkoa jakinda, eta oso irudi kaskarra eman zuen.
Bartzelonaren magia, baina, aurkariaren ezinaz haratago zabaldu zen. Messik bost gol egin zituen, eta Tello gazteak beste bi. Bartzelonako harrobia harribitxiak ematen jarraitzen du, eta hirugarrena ere oinetan izan zuen albokoak. Zazpi sartu zituen Guardiolaren taldeak, baina gehiago izan zitezkeen, aukerak soberan sortu zituztelako.
Messik ia ordu erdi behar izan zuten lehen gola sartzeko (25. min), Bayerrek harresia jarri baitzuen ate aurrean. Kanporaketa aldapa gora bainoago, alemaniarrek alde zutela zirudien. Lehen zirrikituak, baina, horma botatzeko bidea eman zuen. Atsedenaldirako 3-0 zen aurretik Bartzelona, eta Messik bazekien baloia etxera emango zuela. Tello bigarren zatian gehitu zen festara. Leno Bayerreko atezainak etsita bukatu zuen, eta ostiko bat baino gehiago eman zizkien ateko zutoinei. Bayerren gola Bellarabik sartu zuen, azken minutuan (91. min). Anekdota txiki bat baino ez, sari txikiegia zelako taldeak jaso berri zuen astindua apaintzeko.
Bartzelona erakustaldia emanda sailkatu da final-laurdenetarako
Nagusitasun handiz irabazi dio Bayer Leverkuseni (7-1) eta Lionel Messik bost gol sartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu