Partida zaila zuen Athleticek San Mamesen, jokoan eta emaitzetan hobera egin baitu azkenaldian Bartzelonak. Berehala jarri zaie lehia maldan gora zuri-gorriei, 25. minuturako 0-2 baitzeuden atzetik markagailuan. Messik eta Suarezek eman diote abantaila Bartzelonari.
Bigarren zatian erotu egin da partida, zazpi minutuan lau gol izan baitira. Mikel Ricok egin du 1-2ekoa 59. minutuan, baina markagailua iraultzeko itxaropenak ez du minutu bat baino gehiago iraun, 60. minutuan egin baitu De Marcosek gola bere atean. Neymarrek aldea zabaldu du, eta bi minutu geroago egin du Adurizek 2-4koa. Pedrok 85. minutuan eginiko golaren ondoren, ez da aldaketarik izan markagailuan. Ongi aritu arren, Bartzelona arerio handiegia izan da zuri-gorrientzat.
23 puntu ditu orain Athleticek, eta 13. postuan da, Bigarren Mailara jaisteko postuetatik bost puntura. Granadan jokatuko dute bizkaitarrek hurrengo jardunaldian, baina asteazkenean Espainiako Kopako finalaurreko joaneko partida izango dute, Espanyolen aurka (22:00).