Espainiako Ligako bi talde indartsuenek Txapeldunen Ligako bigarren finalerdiko joaneko partida jokatuko dute gaur Madrilgo Santiago Bernabeu estadioan. Faborito argirik gabeko kanporaketa da, ligan Bartzelona nagusi den arren, elkarren aurkako azken partida, Espainiako Kopako finala, Real Madrilek irabazi zuelako. Madrilgo taldea, gainera, sasoi bikainean dago egun. Ez, ordea, Bartzelona, atzeko lerroan hutsune larriak dituelako; Pep Guardiolak buruhauste asko izango ditu horiek estaltzeko.
Hamar eguneko epean Bartzelonak eta Real Madrilek elkarren aurka jokatuko duten hirugarren aldia izango da gaurkoa, eta aurrekoek kolokan utzi dute Bartzelonaren ustezko faborito izaera. Lehenbizikoan, ligan, bana egin zuten; bigarrenean, berriz, Espainiako Kopako finalean, Real Madrilek irabazi zuen, 1-0. Madrilgo taldeak Bartzelonaren joko alaiari nola aurre egin aurkitu duela dirudi. Jose Mourinho entrenatzaileak bi hutsune ditu hasierako hamaikakoan: Carvalho atzelaria zigortuta dago, eta Khedira euskarria min hartuta. Dena den, ordezko jokalari onak ditu: Diarra erdian, eta Albiol atzean.
Bartzelona ez dago bere onenean, lau atzelari min hartuta baititu: Abidal, Adriano, Maxwell eta Puyol. Azken hori jokatzeko moduan egon daiteke, arriskatuz, baina urrun du bere sasoirik onena. Ordezkoei begira, Mascherano izan daiteke atzeko laukotea osatuko duena. Itzulerako partida hurrengo asteartean jokatuko da, maiatzak 3, Bartzelonan.
R. MADRIL-BARTZELONA
Real Madril. Casillas; Arbeloa, Sergio Ramos, Albiol, Marcelo; Xabi Alonso, Lass, Pepe; Di Maria, Oezil eta Cristiano Ronaldo.
Bartzelona. Valdes; Alves, Pique, Mascherano, Puyol; Xavi, Busquets, Iniesta; Pedro, Messi eta Villa.
Epailea. W. Stark (Alemania).
Lekua. Santiago Bernabeu (80.000 ikusle).
Ordua. 20:45 (ETB 1).
Bartzelonak atzeko lerroko arazoekin egingo dio bisita gaur Real Madrili
Madrilgo taldea sasoiko unerik onenean iritsi da Txapeldunen Ligako finalerdietara, eta ez dago faborito argirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu