Futbola

Bartzelonak fitxaketak egin ahal izango ditu, azkenean, uda honetan

FIFAren Apelazio Batzordeak behin-behinean baliorik gabe utzi du kataluniarrei hurrengo bi merkatuetan fitxaketak egiteko jarri zien zigorra, "auziaren konplexutasunagatik".

Valverde, Camp Noun. Athleticeko entrenatzailearen izena bolo-bolo dabil datorren sasoian Bartzelona entrenatzeko. ANDREU DALMAU / EFE
unai zubeldia
2014ko apirilaren 23a
13:34
Entzun

Itxi zion erakunde berberak ireki dio Bartzelonari datorren udan fitxaketak egiteko atea. Apirila hasieran FIFAk hurrengo bi merkatuetan fitxaketak egiteko debekua eta 450.000 franko suitzarreko isuna jarri zien kataluniarrei, azken urteotan hamar adingabe fitxatuta adingabeen babeserako araua hausteagatik. Erabakiaren ados ez zegoenez, Bartzelonak helegitea jarri zuen berehala, eta FIFAko Apelazio Batzordeko presidenteak, Larry Mussendenek, behin-behinean baliorik gabe utzi du isuna. Ondorioa? Espainiako Ligako gainerako taldeen gisan, kataluniarrek fitxaketak egin ahal izango dituzte datorren uztailaren 1etik aurrera. Azken asteotan bolo-bolo dabil, besteak beste, kataluniarrek Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea eta Aymeric Laporte Athleticeko atzelaria fitxatzeko daukaten interesa. Lehenago, Iñigo Martinez Realeko atzelariaren izena ere azaldu zen Bartzelonaren balizko fitxaketen zerrenda luzean.

Ondorengoak dira FIFAko Apelazio Batzordeak erabakia behin-behinean baliorik gabe uzteko eman dituen hiru arrazoiak: "Auziaren konplexutasuna, batetik; fitxaketak egiteko hurrengo epea uztailaren 1ean hasten dela, bestetik; eta Bartzelonak Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren (TAS) aurrean helegitea jartzeko izango lukeen aukera kontuan hartuta, FIFAko Apelazio Batzordeak behin-betiko erabakia hartzeko daukan ezintasuna, azkenik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.