Amaigabea zirudien binakako txapelketak aurkezpen egunean, baina apurka-apurka ari da aurrera egiten. Lehen faseko erdia jokatu ondoren, gaur izango du jarraipena bigarren itzuliak, eta Asegarceko bi bikote indartsuenak lehiatuko dira Bartzelonan: Berasaluze VIII.a eta Albisu, batetik, eta Olaizola II.a eta Beroiz, bestetik. Azken horiek dira faborito garbi, oraindik partida alerik galdu ez dutelako, baina aurkariak ezustea emateko baikor daude. Azken bi norgehiagokak galdu arren, sasoi onean daude, eta orain bi aste Irujo eta Barriola menderatu ondoren, edonori irabazteko gai dira.
Aurtengo txapelketari dagokionez, pilotariak ohiko frontoietatik irtengo diren estreinako aldia izango da. Ordea, ez dira arituko leku ezezagun batean, orain sei hilabete inguru han jokatu baitzen partida bat. Olaizola II.a izan zen protagonista orduko hartan, eta ongi daki zer-nolako jokoa egiten saiatu behar duen: «Kantxa azkarra da, bizia, eta erasorako oso ona. Bizkarra erakusten duen atzelariak aukerak sortuko dizkio bikotekideari, eta hori oso garrantzitsua izango da». Beraz, Berasaluzek eta Albisuk badute irabazteko aukerarik, Ataungo atzelaria eskuin kolpe freskoarekin baitago.
Beroizen sendotasuna, baina, ez da beste edonorena bezalakoa. Langilea eta fina da Uhartekoa, eta lana gogotik egin behar da hari irabazteko. Horri Olaizola II.aren kalitatea erantsiz gero, bikote perfektua osatzen dute. Hori bai, noizbait iritsiko zaie neurketaren bat galtzeko eguna: «Bikain jokatzen ari gara, baina zaila da luzaroan joko onari eustea. Aurkari arriskutsuak izango ditugu aurrean, eta erne», gogorarazi zuen Olaizola II.ak. Ezaugarri desberdineko atzelariak dira Albisu eta Beroiz. Bakoitza ezin hobeto ari da bere jokoan.
Beraz, baliteke giltza aurreko koadroetan egotea, eta, egiari zor, Berasaluze VIII.a ez dabil eroso aspaldian. Keinu gehitxo egiten du, eta hori konfiantza gabe dagoen seinale da. Halako pilotari batek, dena den, ez dauka arazorik astebeteren bueltan jokoa hobetzeko. Horixe espero du Berrizko aurrelariak ere: «Egia da, ez nabil fin, baina uste dut hobetuko dudala nire jokoa. Aurkariei ezustea emateko aukera izango dugu».
22-10 amaitu zen bi bikoteok lehenengo itzulian elkarren aurka jokatu zuten partida, Olaizola II.aren eta Beroizen alde. Orduko hartan ere kantxa azkar batean aritu ziren, baina Albisuk ez zuen nagusitasunik erakutsi. Bere mesederako, hori bai, behetik gora egin du txapelketan, eta orain ez da orain bi hilabeteko pilotari bera. Gutxiago galtzen du, eta baita fisikoki gehiago iraun ere. Binakakoan oraingoz bera ari zaieematen ezusterik handiena zaleei.
Zalantzarik gabe, garaipen premian daude Berrizkoa eta ataundarra. Lau partida irabazi dituzte oraingoz, eta hiru galdu. Horietatik bi, azken asteburuetan. Beraz, azkar esnatzea komeni zaie finalerdietako ligaxkara pasatzeko. Olaizola II.ak eta Beroizek, berriz, ia-ia eginda dauzkate lanak. Halere, euren onena ematen ahaleginduko dira.
Beste partida, Tafallan
Bartzelonan ez ezik, Tafallan ere jokatuko da gaur binakako txapelketako partida bat. Bengoetxea VI.a eta Apraiz Arretxe II.aren eta Beginoren aurka ariko dira, 19:30ean. Lehenengoek hiru garaipen dituzte, eta beharrezkoa dute irabaztea finalerdietako lehian sartzeko. Luzaidekoak eta Autzakoak, berriz, ia ez dute aukerarik horretarako.
Garaipenaren giltza baliteke neurketa hasieran egotea, garrantzitsua izango baita ongi ekitea. Bengoetxea VI.ak joan den asteko arantza atera nahiko du.
Bartzelonara, ezuste bila
Berasaluze VIII.a eta Albisu bosgarren puntua lortzen saiatuko dira gaur, Olaizola II.aren eta Beroizen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu